Ez dago aitzakiarik. Gaur ezin dute esan astean izandako konpromisoek lana behar bezala egiten utzi ez dietenik. Osasuna gogotsu aritu da lanean aste osoan Taxoaren, eta Vila-realen aurkako partida irabaztera zelairatuko dira gorritxoak. Lau hilabete betetzear dira nafarrak etxean Ligako partidarik irabazi gabe -Betisen aurka urtarrilaren 14an irabazi zuten azken aldiz, 5-1-, eta ezin dute kale egiten jarraitu. Bigarren itzulian etxean jokoan jarri hogeita bat puntuetatik bost besterik ez ditu eskuratu Jose Angel Zigandaren taldeak, eta jaitsiera postuak oraindik ere urrun samar ikusten dituzten arren, Ligako azken txanpan estutasunak saihesteko gaur irabaztea premiazkoa da gorritxoentzat.
«Igandekoa final bat bezalakoa da, eta irabazi egingo dugula uste dut», esan zuen Javad Nekunamek herenegun. Nekunamek ez dauka oraindik erraztasunik hizkuntzarekin, eta Jose Angel Zigandak esandako guztia ez du ulertuko agian, baina Larraintzargo entrenatzaileak aste honetan jokalariei helarazi nahi izan dien mezua ulertu du erdilari iraniarrak ere. «Helburua mailari eustea da, eta igandeko partida final bat bezala hartu behar dugu», esan zuen bi egun lehenago Zigandak hedabideen aurrean. Eta esan bakarrik ez. Final bat bezalaxe prestatu du Zigandak Vila-realen aurkako lehia.
54 partida ofizial jokatu eta gero futbolariek nekea sumatu dutela badaki Osasunako entrenatzaileak, eta astelehenean eta asteartean atseden hartzeko aukera eman zien jokalariei Zigandak. Asteazkenean lanera itzuli zirenean, ordea, gogor hartu zituen bere mutilak Larraintzargo entrenatzaileak. Atzelariak eta euskarriak zelaiaren zati batean jarri zituen, eta aurrelariak eta erasorako erdilariak bestean. Zelaiaren erdian kokatuta, aginduak eman eta eman aritu zen entrenatzaile nafarra. Ostegunean lan taktikoa egin zuen, batik bat. Eta partida garrantzitsuen atarian bezala, gainera, lan saioa ateak itxita egin zuten gorritxoek, eta ez Taxoaren, Nafarroako Erresuman baizik. Ostiralean bideoak ikusten egin zuten entrenamenduaren tarterik handiena. Jokalariak aspertzeko moduko saioa izan zen, luzea. Vila-realek ohiko joko-sistema aldatu, eta 4-5-1eko sistema erabili du azken boladan, eta bere jokalariak horretaz ohartarazi nahi zituen Zigandak.
Atzo hamaikakoa erabakitzea eta azken aginduak ematea besterik ez zuen egin behar. Aurrelari bikotearen mugimenduak, erdiraketak eta geldikako jokaldiak ere landu zituzten nolanahi ere. Aspaldiko partez, partida bat arreta bereziarekin prestatzeko moduan izan dira gorritxoak. Eta aste osoko lana berretsi egin behar da gaur zelaian.
Zigandak, dena dela, presioa kendu nahi izan zien atzo bere jokalariei. Aste guztian gehiegi hitz egin da igandeko finalaren inguruan, eta jokalariak motibatuta ikusi nahi dituen arren, Larraintzargo entrenatzaileak ez du gehiegizko presiorik nahi: «Ez da final bat, dena amaitzen denean eta atzera bueltarik geratzen ez denean izaten baitira finalak. Ez da kasu hori, guk oraindik ere hanka-sartzeren bat egiteko tartea badugulako. Hala eta guztiz ere, jokoan duguna nahiko garrantzitsua bada, eta badakigu dugun aldea buruan dugula jokatzerik ez dugula. Vila-real ez da denbora pasa etorriko, ez dira atzean sartuko, inoiz ez baitute egiten. Jokatzera etorriko dira, eta haiek eroso ez egotea izango da gure lana», adierazi zuen atzoko entrenamenduaren ostean Zigandak, badaezpada.
BOST ALDAKETA HAMAIKAKOAN. Osasunako entrenatzaileak bost aldaketa egingo ditu hasierako hamaikakoan, iragan asteburuko Mallorcako hamaikakoarekin alderatuta. Izquierdo, Cuellar, Corrales, Raul Garcia eta Juanfran izango dira berritasunak, Javier Flaño, Krutxaga, Monreal, Nekunam eta Juanluren kaltetan. Milosevic, Hector Font --ezingo du bere jatorriko klubaren aurka jokatu-- eta Delporte min hartuta ditu Zigandak, eta Javier Flaño, Monreal eta Romeo deialditik at utzi ditu.
Final bat bezala prestatu dute
Azken txanpan estutasunik ez du nahi Osasunak, eta Vila-reali irabazita ia ziurtatu egin nahi dute salbazioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu