Final baten moduko partida

Itxakok ezin du huts egin gaur Lizarran, Larviken aurka, Txapeldunen Ligan bizirik jarraitu nahi badu

Naiara Egozkue, jaurtitzear, Itxakok Lizarran Gyoriren aurka jokatutako partidan. LANDER F. ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Iruñea
2012ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Huts egiteko tarterik gabe. Itxakok garaipena behar du gaur Larviken aurka, Txapeldunen Ligako finalerdietara sailkatzeko aukerei eusteko. Hori dela eta, gaurko bigarren ligaxkako partida final baten modukoa dela azpimarratu du Lizarrako taldeko entrenatzaile Ambros Martinek. Final baten moduko partida, finalera bidean urratsak egiten jarraitu ahal izateko.

Finala jokatzeko kalitate nahikoa duen aurkaria egokitu zaio Itxakori gaurko norgehiagokarako. Egungo txapelduna da Larvik, eta nafarrek inork baino hobeki dakite hagitz zaila dela Norvegiako taldea mendean hartzea. Hiru aldiz jokatu dute elkarren kontra, eta estatistikei so eginez gero, gaurkoa lehia biziko partida izanen dela zalantzarik ez da. Oreka izan da nagusi orain arteko emaitzetan. Larvikek behin irabazi du, Itxakok bertze behin, eta hirugarren partida berdindu egin dute.

Gaur, garaipenak baino ez dio balio Itxakori. Bigarren ligaxkako aurrenekoa izanen litzateke nafarrentzat. Lehen jardunaldian galdu egin zuten Lizarrakoek Gyoriren aurka (26-28); bigarrenean 23na berdindu zuten Larviken pistan, eta hirugarrenean, berriz, Midtjyllandek irabazi zion Itxakori (23-22). Itxako ez da gaizki aritu Europan, baina xehetasunetan aurkariek hartu diote aurrea.

Txapeldunen Ligan, hain zuzen ere, garesti ordaintzen dira hutsak. Xehetasunik txikiena ere erabakigarria izaten ahal da. Itxako multzoko azkena da une honetan, puntu bakarrarekin. Larvik bigarrena da, hirurekin. Atzo Gyorik Midtjylland mendean hartu zuela kontuan hartuta (24-29), hala ere, gaurko partidak sailkapena hankaz gora jar dezake; Itxakok irabazten badu, bigarren postura igoko litzatekeelako, hiru punturekin. Gol aldeari esker jarriko litzateke norvegiarren aurretik. Gyori finalerdietara sailkatu da jada.

Sailkapena hankaz gora jarri ahal izateko, dena den, lan gogorra egin beharko du Itxakok gaur bere pistan. Inork baino hobeki daki hori Ambrosek. Badaki, halaber, lan ona egin ahal izateko, aurkariaz ahaztu, eta bere jokoa egiten ahalegindu behar duela Itxakok. «Erabateko kontzentrazioa behar dugu; gure lana da une honetan garrantzitsuena; burua horretan jarri behar dugu, eta dakigun jokorik onena egin».

Europan arazoak

ABF ligan erabateko nagusitasuna erakusten ari da denboraldi honetan Itxako. Txapeldunen Ligan, ordea, arazo handiagoak izaten ari da. Ez da harritzekoa, bi lehiaketen maila alderatuz gero. Europako aurkarien kontra batere konplexurik gabe aritzeko adina kalitatea baduela behin baino gehiagotan erakutsi du Itxakok, baina denboraldi honetan une erabakigarrietan jokaldiak amaitzeko garaian ez da asmatzen ari Ambrosek zuzendutako taldea. Erasoa fintzea eta biribiltzea falta zaie nafarrei. Nere Penaren hutsunea sumatuko dute jokalari nafarrek gaur, seguru aski. Larviken jokatu partidan hartu zuen min, eta ez du gehiago jokatuko sasoi honetan.

Zaleen berotasunarekin saiatuko da Itxako gaur dituen hutsak betetzen. Etxean ariko dira nafarrak, eta egoera hori alde baliatu beharko dute, irabazteko bidean urratsak egin ahal izateko. Orain arteko sasoiko partidarik garrantzitsuena da gaurkoa. Aurrera jarraitzeko aukera dute jokoan, zirt edo zart egin beharreko unea. Aurreko denboraldian finala jokatu eta gero, bigarren ligaxkan lehiaketatik at gelditzea ez litzateke sari nahikoa Itxakorentzat.

Aurrera egiteko aukerei eusteko, Larviki irabazi behar dio Itxakok. Ambrosek argi utzi du ez dela erraza izanen. Baina zaleen laguntzarekin orain arte eginiko hutsak zuzentzeko prest agertu da. Xehetasunetan ere Europako onenen artean egon nahi dutela erakutsi nahi dute nafarrek. Bizirik jarraitu nahi dute Europan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.