Final berezi eta berritua Tolosan

Euskadiko 22. final nagusia jokatuko da igandean, Tolosan, eta Olasagastik izango du txapelari eusteko erronka.

KOLDO ALDUNTZIN TOLOSA
2006ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Badu aurtengo Euskadiko Maila Nagusiko Aizkora Txapelketako finalak berezitasunik azken urteetakoekin alderatuta, bai bederen azken 10 urteetakoekin alderatuta. Izan ere, bost aizkolari ariko dira finalean, eta ez sei ohi den modura. Bestetik, lehen aldiz ariko da lehian Luis Txapartegi, eta Floren Nazabal faltako da, aldez aurretik jakina zen bezala. Horrez gain, Joxemiel Peñagarikano ere ez da ariko, ez baitzen sailkatu, aurreko 13 finaletan present izan ondoren.

Igandekoa hogeita bigarren final handia izango da, 1965. urteaz geroztik. Tolosako (Gipuzkoa) zezen-plazan jokatuko da, eguraldi egokia baldin bada, eta, bestela, Beotibar pilotalekuan. Nolanahi ere, 12:00etan izango da, eta 20 euro balioko du sartzeak; 11:00etan irekiko dituzte lehiatilak.

Kanporaketairailaren 2an jokatu zen, Donostian, eta bost aizkolariok lortu zuten txartela: Larretxeak, Olasagastik, Azurmendik, Txapartegik eta Barberenak. Nazabalek ere bereganatu zuen txartela, baina ez du jokatzerik izango. Haren ordez, Peñagarikanori zegokion aritzea, zazpigarren sailkatu zelako, baina uko egin dio. Ohiko lana egin beharko dute finalistek.

Lanari dagokionez, azken 22 urteetakoa da. Izan ere, orain dela 35 urte 80 ontzakoak ere izaten zituzten. Denborak erabaki ohi du lehia, baina igandean aizkora kolpeak ere kontatuko dituzte.

OLASAGASTI, HASERRE. Atzo eguerdian aurkeztu zuten finala, Tolosako udaletxean eginiko prentsa agerraldian. Ezohiko agerraldia izan zen, finalean ariko den kirolari bat haserrea agertu baitzen, antolakuntzari bi kritika zorrotz eginda. Joxemari Olasagasti mintzo zen, kazetari eta gainerakoak eserita zeuden lekutik.

Igeldokoak diru sarien eta egurren afera agertu zuen: «Ez dituzue sariak gizendu azken urteetan, eta aizkora kolpeak kontatzen hasiko zarete; modernitate galantak. Egurrak nola prestatzen dituzuen ikusi nahi dugu; enborretatik nola mozten dituzuen zatiak, alegia. Badakit hori ez dugula sarri egin izan, konfiantza genuelako. Baina Gipuzkoako Txapelketan bi egur gutxiago ebaki genituen, ez zirelako aproposak. Zerrategian torneatzen dituzte, garbi-garbi jarri eta plazara; hori ez da egokia».

Ostiralean izango dute egurrak ikusteko aukera aizkolariek, arautegiak horrela eskatzen baitu. Gipuzkoako Herri Kiroletako Federazioko lehendakaria kritikatu zuen gehienbat, berak hartu baitu egurren ardura: «Lehendakariak ez luke egurren ardura hartu behar, bere lanak egin behar lituzke, eta egurren kontua besteei utzi».

Igeldokoarekin batera, Larretxea, Txapartegi eta Azurmendi izan ziren agerraldian. Andoni Imazek, Tolosako Udaleko kirol zinegotziak, zuzendu zuen agerraldia. Udalak zezen-plaza, baliabideak eta 4.000 euroko diru laguntza emango dituela adierazi zuen.

Txertudi eta Galder Ajuria izan ziren federazioko kideak, eta txapelketak 20.000 euroko aurrekontua izango duela agertu zuten.

Finaleko bost aizkolariakJoxemari Olasagasti48 urte ditu eta Igeldokoa da (Gipuzkoa) Datuak. 102 kilo ditu eta 1,91 metroko garaiera. Hamabost urte baino gehiagoko eskarmentuadu finaletan. Arrospideren ondoren, bera izan da onena.

Lorpenak. Euskadiko Maila Nagusiko bost txapel irabazi ditu eta sei aldiz izan da txapeldunordea. Gipuzkoako Txapelketa hamar aldiz irabazi du; azkenekoa aurten, Leaburun.

Finalari begira. Iazko finala jokatuta, Nazioarteko Lehiaketa irabazi zuen Nazabalekin. Harrezkero, Gipuzkoako lehen postua izan du emaitzarik onena.

Iñaki Azurmendi34 urte ditu eta Beasaingoa da (Gipuzkoa) Datuak. 99 kilo ditu eta 1,85 metroko garaiera. Bosgarren finala du jarraian. 2001ean aritu zen lehen aldiz Maila Nagusian, baina ez zuen jokatu kanporaketa.

Lorpenak. Euskadiko III. Mailako txapelduna izan zen (1996) eta txapeldunordea II. Mailakoan (2000). Gipuzkoako Maila Nagusiko Txapelketa orain dela hiru urte irabazi zuen, 2003an.

Finalari begira. Iazko finala jokatuta, atsedenaldi luzea hartzea erabaki zuen. Gipuzkoako Txapelketan aritu zen berriro, eta bosgarren sailkatu zen.

Joxejuan Barberena49 urte ditu eta Beruetekoa da (Nafarroa) Datuak. 87 kilo ditu eta 1,77 metroko garaiera. Seigarren finala jokatuko du; bosgarrena erreskadan. 1998an aritu zen lehen aldiz Maila Nagusian.

Lorpenak. Euskadiko II. Mailako txapelduna izan da hirutan (1992, 1996 eta 2001). Ohikoa da Nafarroako Maila Nagusiko Txapelketako finaletan, eta aurten ere jokatuko du.

Finalari begira. BaiEuskadiko bai Nafarroako kanporaketetan ez sailkatzeko mugan jardun zuen, baina eskarmentua dueta biziki saiatuko da azkena ez izaten.

Donato Larretxea46 urte ditu eta Arantzakoa da (Nafarroa) Datuak. 100 kilo ditu eta 1,77 metroko garaiera. 19. finala jokatuko du; 1984an jokatu zuen aurrenekoa. Iaz ez zuen jokatzerik izan, min hartuta zegoelako.

Lorpenak. Maila Nagusiko txapelduna izan da birritan (1997 eta 2003). NafarroakoMaila Nagusikoa, berriz, zortzi aldiz irabazi du, eta Donostiako Urrezko Kopa, bost aldiz.

Finalari begira. Kostata, baina lortu du finalerako sasoiko jartzea, iazko urte hutsala gaindituta. Euskadiko eta Nafarroako kanporaketetan neurria eman du.

Luis Txapartegi36 urte ditu eta Aizarnakoa da (Gipuzkoa) Datuak. 92 kilo ditu eta 1,74 metroko garaiera. Lehen aldizjokatuko du finala. 2000. urtean igo zen Maila Nagusira, baina jaitsi egin zen; 2002an igo zen berriz.

Lorpenak. Euskadiko II. Mailako txapelduna izan zen 1999an eta txapeldunordea 2002an, Mindegiaren atzetik. GipuzkoakoMaila Nagusiko finala jokatu zuenuztailean, eta laugarren izan zen.

Finalari begira. Agian, berandu samar lortu du lehen finala jokatzea, baina hobetu egin du pixkanaka. Erritmoari neurria hartzen badio, ongi jardun dezake.

«Aizkora

ez da askorik

aldatu»

Jaunarena aizkolari ohiak esan du oraingo aizkolariak usuago aritzen direla gimnasioan baina horrek ez duela halako eraginik izan.k. a.

Donostia

Maila Nagusian aritutakoen artean azkena izan da aizkora uzten Antonio Jaunarena Zubietakoa (Nafarroa). 1995ean lortu zuen onenen artera sartzea, II. Mailako txapeldunordea izan ondoren. Orain dela hiru urte utzi zuen aizkora, 46 urte zituela. Beraz, zortzi urte eman zituen Maila Nagusian, eta 1999an jokatu zuen finala. Aizkoraren gorabeherei gertutik jarraitzen die, eta aitortu du Miel Mindegiak harritu duela gehien azken 10 urteetan: «Adin horrekin jardute hutsa ere harrigarria da, eta onenen parean dihardu. Zintzo jardun du prestatzen eta zortea izan du osasunarekin. Arrospiderena ere aintzat hartzekoa da». Bestalde, nafarrak ez du uste horrenbeste aldatu denik prestakuntza urteotan: «Egia da oraingo aizkolariek gehixeago lantzen dutela prestakuntza gimnasioan, baina ez dut uste horrek horrenbesteko eragina duenik. Igandean finalean ariko direnek, esate baterako, ez dute hobekuntza nabarmenik egin». Zaletasunari ere aipamena egin dio, eta aitortu du ohiko ikusle kopuru bertsua joaten dela final nagusira: «Lehen, erakustaldietan ere ikusle asko biltzen zen. Orain jende gutxi animatzen da. Gazterik ez da ikusten goren maila, eta, beharbada, horrek eragina izan dezake». Final aurreko egunetan, aizkolariak gogoz prestatzen zirela nabarmendu du, eta erakustaldietan saiatzen zirela aurkariak nolako gorputzaldian ziharduten kontrolatzen,neurgarriak izaten baitziren. Aizkorak, bestalde, badu berezitasun bat beste kirolekin alderatuta: ebaki beharreko egurrak. Jaunarenak ere horixe berretsi du: «Garrantzi handia zuten, eta ahalegintzen ginen aurrez ikustera joaten. Egia esateko, finalean berdintzen zituzten, baina kanporaketetan aski desberdinak izaten ziren». Finaleko egunaz ere mintzo da, eta berak nahiko lasai hartzen zuela adierazi du: «Bezperan lasai hartzen nuen. Finaleko egunean, berriz,goizean goizjaikitzennintzen, eta tortilla edo xerra koskorren bat jan ondoren, aizkorak hartu eta plazara». Azkenik, gainbegiratua emanda azken urteetako txapeldunek eginiko denborei, 34 minutuz goitik behar izan dute 1995. urteaz geroztik. Horretaz ere jabetu da zubietarra, eta egurrek badutela benetako eragina agertu du: «Egun zertxobait gogorragoak izaten dira, eta ezin dira lehengo markak egin. Dena dela, baliteke aizkolarien maila ere pitin bat jaitsi izana».Igandeko finala zuzenean ikusiko duela nabarmendu du, ohi bezala, Tolosan alegia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.