Pilota

Final gogorra aurreikusi dute

Ezkurdia-Zabaleta eta Elezkano II-Rezusta konforme azaldu dira igandeko binakako finalerako materialarekin. Gogor eman eta tantoa bukatzea dute buruan lehenek, defentsa lanean aritzea suertatuko zaiela uste dute bigarrenek.

Igandeko binakako pilota finalean arituko diren bi bikoteak, partidurako hautatutako materialarekin. ARITZ LOIOLA/FOKU
Inigo Astiz
2018ko apirilaren 5a
07:24
Entzun

Harrabotsik ez oraingoan: konforme azaldu dira materialarekin igandean Bilboko Bizkaia pilotalekuan jokatuko den binakako txapelketako finalean arituko diren bi bikoteak. Argi du haietako bakoitzak zer joko egin nahi duen, eta buruan duten joko hori egiteko moduko pilotak apartatu ahal izan dituzte bi bikoteek gaurko hautaketa saioan. Erasora jotzea eta hutsik ez egitea dute buruan Jose Javier Zabaleta eta Joseba Ezkurdiak, eta, aldiz, defentsan aritzea suertatuko zaiela jakinik, helduko zaizkien aukerak ongi bukatu nahi dituzte Danel Elezkano eta Beñat Rezustak. Eta pilotak antzekoak direla onartu badute ere, badira ñabardurak batzuk eta besteek hautatutakoen artean. “Haienak igual bizixeagoak, baina nik uste egokiak direla”, zehaztu du Ezkurdiak. Eta ñabardura Elezkanok eta Rezustak ere: “Haien pilota bat igual da pixka bat diferentea, baina ez dut uste diferentzia handirik dagoenik”.

Faborito nor den zehazterakoan izan da saltsa gehixeago. Ezkurdiak eta Zabaletak aurkariei jarri nahi izan diete finalean faborito izatearen zama. Izan ere, txapelketan orain arte elkarren aurka izan dituzten hiru partiduetan, Elezkano eta Rezusta suertatu dira garaile. Zabaletak eman du azalpena: “Lehen partiduan gainetik pasa zitzaizkigun, beste bietan gerra gehiago eman genien, baina ez genuen lortu 22 tantora heltzerik”.

Presioa kentzen

Kontrara, presioa gainetik kentzen saiatu dira Elezkano eta Rezusta. “Ez diot asko begiratzen kontu horri, ez naiz sartuko haiek ote diren edo gu ote garen faborito, kantxara sartzerakoan denok hasten gara zerotik”, kendu dio pisua gaiari Rezustak. Eta ildo berean Elezkano ere. “Ligaxkan gu erregularragoak izan gara”, onartu du, “baina haiek indartsuago heldu dira finalera, eta partidu oso zaila izango da”.

Xehetasunetan egon da txapelketan elkarren aurka izandako azken bi partidu horiek galdu edo irabaztearen arteko aldea. Hala onartu dute Ezkurdiak eta Zabaletak. Eta irakurketa berdina egin dute Elezkano eta Rezustak ere. “Detaile batzuengatik izan da”, onartu du Elezkanok. “Oso partidu zaila izango da”, laburbildu du. “Lan egitea suertatzen bada, lan egingo dugu”.

Finalaurrekoan bezala

Finala nola jokatu nahi duten zehatz azaldu dute Ezkurdia eta Zabaletak: ahal izatera, errepikatu egin nahi lukete Aimar Olaizola eta Jon Ander Imazen aurka jokatutako finalaurreko partidua. “Saiatuko gara ahalik eta gogorren ematen, eta aurrean aukera dagoenean bukatzen”, azaldu du Zabaletak. Defentsarekin batera erasoan asmatzea izango da Elezkano eta Rezustaren erronka. "Defentsarekin bakarrik ez da irabazterik".

Lehen finala izango dute Zabaleta ez beste pilotari guztiek igandekoa, baina oraingoz lasai dabiltzala adierazi dute denek. Entrenamenduetan jarri nahi dute arreta orain.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.