Szekszard. Theodorean (5), Marshall (5), Djokic (23), McCall (20) eta Krnjic (13) —hasierako boskotea—, Agnes Studer, Balint (3), Ruzickova (10) eta Kiss.
Lointek Gernika Bizkaia. Ocete (8), Dietrick
(21), Wojta (14), Arrojo (4) eta Milic (14) —hasierako bostekoa—, Mazionyte (2), Lo (5), Diez (4), Molina (3) eta Ariztimuño.
Markagailua. 26-16, 42-36 (atsedenaldian); 57-61 eta 79-75 (amaiera).
Epaileak. Zenis, Jovanic eta Kati.
Partida hasiera zaila izan arren, joanekoan lortutako abantaila baliatu du Gernikak Eurokopako final hamaseirenetara sailkatzeko. Hemezortzi puntuko aldea lortu zuen etxean Gernikak, eta gaur 79-75 galdu arren, aurrera doa. Hurrengo aurkaria Valentzia izango du, Euroligatik iritsiko diren lau aurkariak lehiaketan sartu aurretik.
Hil edo bizi atera beharra zeukan Szekszard etxeko taldeak, ezinbesteko baitzuen hemeretzi puntuko aldea kanporaketa iraultzeko, eta bazirudien aukerak izan zitzaketela. Lehen zatian hamabost puntuko aldea izatea ere lortu zuen Hungariako taldeak, 7-0 partzialarekin hasi ostean. Gernikak, ordea, etxeko taldea ihestea ekidin du, eta 26-16 amaitu da lehen laurdena. Bigarrenean adi aritu dira Gernikakoak, eta gehiago gerturatu dira markagailuan. 5-13ko partzial bati esker, zortzi behera amaitu dute bigarren laurdena, 42-36.
Hirugarren laurdenarekin gauzak argi geratu dira. Gernikak martxa bat gehiago jarri eta markagailua iraultzea lortu du, 57-61. Gauzak horrela, 22 puntuko aldearekin ekin die Gernikak kanporaketaren azken hamar minutuei. Alde hori zabaltzea ere lortu dute lehen minutuetan, 57-64. Hortik aurrera, ordea, etxeko taldearen erreakzioa iritsi da, euren jarraitzaileen aurrean partidaren garaipena eskuratzeko. Azken emaitza: 79-75.