Final-laurdenak ate-joka dituzte

Final-zortzirenetako bi partida jokatuko dira gaur: Barriola Retegi Biren aurka eta Xala Urrutikoetxearen aurka

Abel Barriola, Iker Arretxeren aurkako partidan. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2013ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Buruz buruko txapelketak aurrera jarraitzen du, eta gaur final-zortzirenetako bi partida jokatuko dira. Abel Barriola eta Julen Retegi Iruñeko Labriten ariko dira. Retegi Biren estreinaldia izango da txapelketan. Barriolak, berriz, bigarren partida du, lehen kanporaketa jokatu behar izan baitzuen. Jokatu eta irabazi, Iker Arretxeren aurka (22-11).

Hain zuzen ere, garaipen horrek konfiantza eman dio Leitzako atzelariari gaurko partidarako. Arretxe II.aren aurka itxura polita eman zuen. Piloteo luzeei eta defentsa lanei ongi eusten dien pilotaria dela oraindik erakutsi zuen. Sakearekin ere asmatu egin zuen —bost tanto egin zituen—. Txapelketa hasi aurretik zalantzak egon ziren haren mailaren inguruan, baina lehen partidan konplitu egin du. Gaur Retegi Bi izango du aurrean, aurkari aproposa. Izan ere, bien arteko partidetan Leitzakoa da nagusi. Barriolak, ordea, ez dio horri garrantzirik eman nahi izan. «Retegi Biren mamua naizela? Ez, ez. Buruz burukoan behin bakarrik aritu gara elkarren aurka, eta despisteek erabaki dezakete kanporaketa», adierazi zuen pilota aukeraketan.

Retegi Bik, ordea, badu errebantxarako gogoa, eta motibazio handiagoarekin egingo dio aurre partidari. «Beti irabazten nau. Baina hori ahaztu behar dut, eta hutsetik hasten garela pentsatu». Ikusi beharko da Retegi Biren sorbalda nola dagoen. Aurrelariak berak ere zalantzak ditu. «Fisikoki ongi aritu naiz, baina kantxa barruan ez naiz entrenatu nahi nuen denbora guztia». Apustuak Barriolaren aldekoak dira. Partidako irabazlea Aimar Olaizolaren aurka ariko da final-laurdenetan.

Presioa, Xalak

Gaurko beste partida Arrigorriagako pilotalekuan jokatuko dute Yves Salaberri Xala-k eta Mikel Urrutikoetxeak. Azken horrek aurreko kanporaketan jokatu behar zuen estreinako partida, baina, azkenean, jokatu gabe sailkatu zen, Sebastian Gonzalezek min hartu zuelako partidaren bezperan. Txapelketan «aurrerapauso bat» emateko ilusioarekin agertu da aurrelari bizkaitarra. Presio gehiago izango du Xalak. Lekuineko aurrelariak sakearen garrantzia nabarmendu du. «Urrutikoetxea oso ongi moldatzen da buruz burukoan; harentzat txapelketarik aproposena da, akaso. Ni ongi nago, eta sakea baliatzen saiatuko naiz hari min egiteko». Apustuak Xalaren aldekoak dira. Norgehiagoka horretako irabazleak Mikel Idoateren aurka jokatuko du final-laurdenetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.