Getxo Arteak eta Bizkaia Gernikak Espainiako Ohorezko Mailako final-laurdenak jokatuko dituzte bihar. Bi euskal taldeak etxetik kanpo ariko dira, biak Herrialde Katalanetan. Getxoztarrek La Vila Joiosan jokatuko dute (12:30), La Vilaren aurka, eta gernikarrek Sant Boi de Llobregaten, Santboianaren aurka (12:00).
Santboiana eta La Vila dira finalerdietarako sailkatzeko faboritoak —finalerdietan tokia ziurtatuta dute Quesos Entrepinaresek eta Ampo Ordiziak, liga erregularreko lehen bi sailkatuek—, baina bai Getxo, bai Gernika konfiantzaz gainezka daude, eta ez dute baztertzen ezustekoa ematea. Ligan, Getxok berdindu eta galdu egin zuen La Vilaren aurka; Gernikak, berriz, galdu egin zuen Katalunian, eta etxean, irabazi.
Hernani, Alcobendasen
Ohorezko Mailara igotzeko kanporaketan, berriz, Hernanik erronka zaila du bihar, joanekoan lortutako puntu bateko aldeari eutsi behar baitio Alcobendasen zelaian (12:30). Hernaniarrak 19-18 nagusitu ziren Landaren, partida parekatuan, eta bihar ere lehia estua espero da. Hernaniko zale mordoa joango da Alcobendasera.
Final-laurdenak jokatuko dituzte bihar Getxok eta Gernikak
Bizkaiko bi taldeek Herrialde Katalanetako aurkariak izango dituzte: Santboiana eta La Vila
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu