Azken txanpan da Australiako Irekia. Final-zortzirenetako azkeneko partidak jokatu ziren atzo. Gizonezkoetan, Fernando Gonzalez txiletarra, Tommy Haas alemaniarra eta Rafael Nadal katalana sailkatu ziren final-laurdenetarako. Gonzalezek eta Haasek ustekabean egin zuten aurrera, James Blake estatubatuarra eta David Nalbandian argentinarra kanporatuta. Txiletarrak 7-5, 6-4 eta 7-6 irabazi zion estatubatuarrari, eta 4-6, 6-3, 6-2 eta 6-3 alemaniarrak argentinarrari. Nadalek, berriz, ederki sufritu zuen Andy Murray ingelesa mendean hartzeko: 6-7, 6-4, 4-6, 6-3 eta 6-1.
Final-laurdenak zehaztuta daude jada. Roger Federer suitzarra Tommy Robredo katalanaren aurka ariko da, eta Mardy Fish estatubatuarra Andy Roddick herrikidearen aurka. Gaur jokatuko dira bi partida horiek. Bihar, berriz, Haasek Nikolai Davidenko errusiarraren aurka jokatuko du, eta Nadalek, Gonzalezen aurka.
TXAKVETADZE, BIKAIN. Emakumezkoetan ere atzo jokatu ziren final-zortzirenetako azken partidak. Anna Txakvetadzek aurrera egitea izan zen ezusteko nagusia. Errusiarrak nagusitasunez irabazi zion Patty Schnyder suitzarrari: 6-4 eta 6-1. Beste norgehiagoketetan ez zen ustekaberik izan, eta faboritoek egin zuten aurrera. Martina Hingis suitzarrak Na Li txinatarra kanporatu zuen (4-6, 6-3 eta 6-0); Kim Clijsters belgikarrak, Daniela Hantutxova eslovakiarra (6-1 eta 7-5); eta Maria Sharapova errusiarrak, Vera Zvonareva txekiarra (7-5 eta 6-4).
Gaur jokatuko dira final-laurdenetako lehen partidak: Serena Williams estatubatuarrak Shahar Peer israeldarra izango du aurkari, eta Nicole Vaidisova txekiarrak Lucie Safarova herrikidea. Sharapova-Txakvetadze eta Clijsters-Hingis izango dira biharko norgehiagokak.
Final-laurdenak, zehaztuta
Gonzalezek eta Haasek ustekabea eman dute Australiako Irekian, Blake eta Nalbandian kanporatuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu