Finalerdietako ligaxkara sailkatuko diren beste bi pilotarien izenak gaur ezagutuko dira. Irujok eta Bengoetxea VI.ak Eibarren jokatuko dute (17:00, ETB1), eta dirua Iberokoaren alde irtengo bada ere, partida orekatua espero da. Logroñoko Adarragan, berriz, Titin III.aren eta Xalaren txanda izango da. Buruz buruko txapelduna da faboritoa, baina errioxarrak etxean jokatuko duela aintzat harturik, ez du neurketa erraza izango.
Irujok eta Bengoetxeak hiru aldiz neurtu dituzte indarrak elkarren aurka, kaiolaren barruan, eta Iberokoa birritan nagusitu izan da. Aurtengo Nafarroako finalean, baina, astindua jaso zuen (22-10), eta erne ibili beharko du. Badaki gauzak zehatz eta ongi egin beharko dituela: «Tantoa amaitzeko garaian lehenengoan asmatu beharra daukat; bestela, Oinatzek ez dit barkatuko». Leitzarrak itxura ona eman zuen joan den astean Olaetxearen aurka, eta sasoiko dago.
Ordu berean hasiko da Logroñoko jaialdia, eta partida nagusian Titin III.a eta Xala ariko dira aurrez aurre. Lekuinekoak ez du bere ohiko mailarik eman sekula lau t'erdian, baina badirudi aurten kontuak aldatzeko prest dagoela. Triciokoa, baina, hori zapuzten saiatuko da, sake-errematea baliatuz. Galduz gero, baliteke gaurkoa lau t'erdiko txapelketa ofizialeko azken partida izatea.
Final-laurdenetako azken bi lehiak gaur, Eibarren eta Logroñon
Irujok eta Bengoetxeak pilotaren katedralean jokatuko dute, eta Titin III.a etxean ariko da Xalaren aurka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu