Badoa aurrerantz Lau t'erdiko Txapelketa, eta lehen fasea igaro ondoren, final-zortzirenak jokatuko dituzte asteburu honetan. Gaurtik etzira artean lau pilotarik egingo dute aurrera, eta beste lau kanpoan geldituko dira. Gaur, bi norgehiagoka izango dira. Iruñean, Bengoetxea VI.a eta Aritz Lasa lehiatuko dira, eta Zornotzan, Patxi Ruiz eta Retegi Bi. Aldez aurretik aztertuta, ezberdinak izango direla ematen du. Izan ere, batean, Bengoetxea VI.a faborito argia da sailkapena lortzeko, baina, bestean, berdintasuna aurrez ikusten da.
Leitzako aurrelari txikia abila da oso leku txikiko txapelketan. Bizi-bizi jokatzen du, eta lau t'erdikoa neurri egokia da harentzat. Egundoko erritmoa jartzen die partidei, eta hori du baliabide nagusia. Aurreko kanporaketan, hankapean ibili zuen Beroiz-5 tantotan laga zuen-, eta indartuta dagoela erakutsi.Gaur ere hasieratik saiatuko da Lasa deseroso sentiarazten.Urretxuko aurrelariak nahikoa egin du lehen kanporaketa gaindituta, eta ez dauka galtzeko askorik. Hori onerako balia dezake, presio guztia aurkariak edukiko baitu.
Beste partidan ezin da esan faboritorik den edo ez den. Itxuraz, Retegi Bi baino gehiago da Patxi Ruiz, baina aurrelariak dohain egokiak dauzka lau t'erdikoan aritzeko. Jokoaren ekimena berak hartzen badu, lanak emango dizkio Lizarrako atzelariari. Mugitu egin behar du pilota, eta mugituz nekarazi aurkaria. Dena den, joan zen astelehenean ondo aritu zen Ruiz. Askok uste zutena baino hobeto. Ondo ez zegoela zabaldu zen aurretik, mina zuela, baina ondo aritu zen. Ongai aise menderatu zuen, eta gaur antzera jokatzen badu, final-laurdenetarako sailkatzeko aukera izango du. Baina Retegi Bik Ongaik baino zailtasun gehiago jarriko dizkionez, iragarpenak asmatzeko partida zaila da bi nafarren arteko lehia.
Final-zortzirenak hasteko, bi partida oso ezberdin
Bengoetxea faborito da Aritz Lasaren aurka, baina Patxi Ruiz eta Retegi Biren artekoan berdintasuna espero da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu