Astanan (Kazakhstan) egiten ari dira Munduko Judo Txapelketa, eta hirugarren kanporaketan galdu du Kiyoshi Uematsu Portugaleteko judokak. Lehen kanporaketan Augusto Miranda Puerto Ricoko judokari nagusitu zaio Uematsu ippon bati esker, eta beste horrenbeste egin du bigarren kanporaketan Pierre Duprat Frantziako arerioarekin.
Final laurdenetara sailkatzeko borrokaldian, ordea, Mukiren aurka galdu du Uematsuk. Mukik urrezko domina eskuratu zuen ekainean Bakun eginiko Europar Jokoetan.
Bestalde, Sugoi Uriarte ere Munduko Txapelketatik kanpo gelditu zen asteartean. Bigarren kanporaketara iritsi zen, baina Sergiu Oleinicek mendean hartu zuen. Lehian aurretik joan zen arren, azken unean aurkariak egindako Waza-ari batek utzi zuen kanpoan.