Egunarekin batera, finaleko txartelen salneurria ere ezaguna da. Enpresek desiratzen zuten final horietako bat izango dute, eta iazko salneurriak mantenduko dituzte. Olaizola II.aren eta Barriolaren arteko partidak ikusmin harrigarria sortu du, eta enpresek etekina atera nahi dute. Atanoko kantxako sarrerek 150 euro balioko dute, alboko harmailako lehen ilarakoek 100, alboko harmailako beste guztiek eta erreboteko aurreneko ilarakoek 70, kantxako pasabidekoek 50, eta errebotekoek 40. Aurtengoak, iazkoak bezala, inoiz pilota partida baterako jarririko salneurri garestienak dira. Guztira 1.944 eserleku ditu Atanok, enpresa bakoitzak sarreren erdiak ditu eta aurki jarriko dituzte salgai.
Aurten iazko prezio berak izango dituzte, baina iaz kolpetik %13,6 igo zituztela kontuan hartuta, enpresek ondo beteko dute patrika. Beste txapelketekin alderatuta, igoera nabaria da. Duela bi eta hiru urte kantxako sarrerak 110 euroan jarri zituzten. Binakako eta lau t'erdiko azken txapelketetako finaletako kantxako sarrerek ere prezio hori izan zuten. Halere, kontuan hartzekoa da Gasteizko Ogetan jokatu zirela, eta Ogetako kantxako harmaila Atanokoa baino dezente handiagoa da.
TELEBISTAREN MENPE. Bi partida baino ez dira falta buruz buruko txapelketa amaitzeko. Oihartzun eta sona guztia buruz buruko finalak hartu du. Aurretik, baina, 3. eta 4. postuak erabakitzeko partida jokatu behar da. Antolatzea, baina, ez da erraza izango, telebista ez baitago ziurtatuta, eta telebistarik gabe ez da batere errentagarria ezer gutxirako balio duen buru buruko partida bat antolatzea.
Sebastian Gonzalezek eta Patxi Eugik asteburu honetan neurtu beharko lituzkete indarrak. Araudiak dioenez ezin da partida atzeratu, baina, finalerdietan ikusi bezala, nahierara mugitu daiteke egutegia. Arazoa, ordea, telebista da. Kontsolamendu finala telebistaren nahietara eraturiko partida da. Hurrengo txapelketako adarren antolaketa erabakitzen du, baina muina telebistaz emateko partida bat ziurtatzea da. Esan bezala, larunbatean jokatu beharko litzateke, baina egun horretan Tele 5k ez du pilotarik emango, 1 Formulako Kanadako Sari Nagusiko entrenamenduak emango baititu.
Konponbidea igandean egon zitekeen, partida antolatzea Asperi dagokiolako, eta egun horretan jaialdia egongo delako Eibarren. ETBk, baina, ez du jaialdia emateko asmorik, Euskal Bizikleta lehenesten baitu. Azken irtenbidea ekainaren 16a litzateke, finalaren bezperan, baina egun horretan ereTele 5k ez du partidarik emango, berriz ere 1 Formula emango baitute. Aspek atzo ez zuen ezer ziurtatzerik izan, baina baliteke irtenbidea ostiralen batean egotea, edota partida bertan behera uztea.