Portland San Antonioko ordezkariek argi zuten zein talde saihestu nahi zituzten Txapeldunen Ligako final-laurdenetan: ez zuten Asobal Ligako aurkaririk nahi. Berearekin irten ezean, bazuten lehentasun zerrenda bat ere. Valladolid zen lehena zerrenda horretan, Bartzelona gero, eta azkenik Ciudad Real.Txapeldunari iskin egin nahi zioten nola edo hala. Begi bistatik kendu nahi zuten, ez zuten haren aurka aritu nahi. Zenbat eta beranduago, orduan eta hobeto.
Baina patua ez zegoen itxaroteko prest. Txapelduna eta txapeldunordea, titulua irabazteko bi hautagai nagusiak elkarren aurka ikusi nahi zituen. Esan eta egin. Zozketak egin zuen falta zen lana. Portland San Antonio eta Ciudad Real aurrez aurre izango dira final-laurdenetan. Ciudad Realen jokatuko dute joanekoa (Espainia), heldu den otsailaren 24an edo 25ean. Itzulikoa Iruñean jokatuko dute, astebete geroago. Horretan, behintzat, zortea aldea izan zuen Portlandek.
Denbora gutxi egin behar da atzera bi taldeok Europako lehiaketa batean elkarren aurka jokatu zuten azkenaldia gogoratzeko. Aurreko denboraldian izan zen, Txapeldunen Ligako finalean. Nafarrek oroitzapen txarra dute kanporaketa horretaz. Ez da gutxiagorako, finalera iritsi ondoren, Ciudad Realek astindu gogorra eman baitzien. Espainiarrek ez zieten inolako aukerarik eman, eta finaleko bi partidak irabazi zituzten, oso erraz gainera: Iruñean sei goleko aldearekin nagusitu ziren (19-25) eta Ciudad Realen bederatzi goleko aldearekin (37-28). Finala galtzeak baino gehiago eman zuten irudi eskasak egin zien min nafarrei. Arantza hori barruraino sartuta dute, eta Ciudad Real kanporatzeak zauria apur bat arintzeko balioko luke.
«CIUDAD REAL DA FABORITOA». Francisco Javier Ekisoain Zupo Portlandeko entrenatzaileak zuhurtziaz hartu zuen zozketak emandakoa. «Argi dago ez genuela nahi Ciudad Realen aurka jokatu. Europako txapelduna da, eta, ondorioz, aurrera egiteko faboritoa. Oso kanporaketa gogorra izango da, dugun guztia emango dugu sailkatzeko».
Final-laurdenetako kanporaketa ikusgarriena jokatuko dute Portlandek eta Ciudad Realek, baina, Ekisoainen ustez, ezin da esan final aurreratua denik. «Txapelduna eta txapeldunordea izango gara aurrez aurre, txapela irabazteko faboritoetako bi. Halere, sailkatzen dena sailkatzen dela, ziur naiz finalerdietan partida ikusgarriak jokatuko direla. Lehian geratzen diren talde guztiek maila bikaina dute».
Portlandeko entrenatzailea pozik azaldu zen itzulikoa Iruñean jokatuko dutelako. Ekisoainek, halere, azpimarratu zuen abantaila horri eusteko ezingo dutela joanekoan huts egin. «Itzulikoa etxean jokatuko dugula kontuan hartuta, kanporaketa berdinduta dagoela esan daiteke. Kanporaketara sasoi onenean iristen den taldeak egingo du aurrera. Tartean, gainera, Munduko Txapelketa jokatuko da, eta bi taldeetako jokalari asko ariko dira han. Erabakigarria izango da jokalari horiek nola amaitzen duten txapelketa. Min hartuta, nekeak jota... ez dakigu nola iritsiko diren. Goiz da ezer esateko, bi hilabete luze geratzen dira Txapeldunen Ligari berriro ekiteko».
Ekisoainek ere ez zion garrantzirik eman nahi izan denboraldi honetan bi taldeok elkarren aurka jokatu duten partida irabazi izanari-32-29 nagusitu zen Portland-. «Horrek konfiantza ematen du, baina duela asko izan zen».
Portlanden eta Ciudad Realen artekoaz gain, beste hiru kanporaketa jokatuko dira: Valladolid-Gummersbach; Flensburg Handewitt-Bartzelona eta Veszprem-Kiel.
Finala, final-laurdenetan
Portland San Antoniok Ciudad Real izango du aurkari Txapeldunen Ligan; Iruñean jokatuko da itzulikoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu