Athleticek Espainiako Kopako finala jokatuko du. Bere historiako 37.a izango da. Azken hiru urteetan bigarrena. Bada zerbait. Gozatzeko unea da, inork ez baitaki noiz izango den hurrengoa. Baina denboraldi honetan beste pauso bat eman gura dute zuri-gorriek. Ez dira konformatzen finala jokatzearekin. Irabazi gura dute. Bada, ikusi egin beharko da nola dagoen taldea hiru hilabete barru.
Lehenik eta behin, zorionak!
Eskerrik asko.
Azkenean 6-2 hartu zenuten mendean Mirandes. 8-3 amaitu zen kanporaketa. Emaitzak argi eta garbi erakusten du San Mamesen gertatutakoa.
Bai. Norgehiagoka hasieran egon zen giltza. Oso ondo hasi genuen neurketa. Lehen ordu erdian aukerak sortzeko eta asmatzeko gai izan ginen. Horrek lasaitasuna eman zigun. Hala ere, aurrean genuen taldeak ez zuen etsi. Mirandesek aldats behera amaitu zuen neurketa. Bigarren zatian kosta egin zitzaigun, eta eurek ere aukera onak izan zituzten. Hala ere, garaipen argia lortu genuen. Saria gurea da.
Mirandesek Lehen Mailako hiru talde utzi zituen bidean finalerdia jokatu aurretik. Hala ere, asteartean argi ikusi zen bi taldeen artean dagoen aldea. Zelaian erakutsi behar da aldea, baina aldea egon, badago.
Argi dago. Mirandesek Bigarren B Mailan jokatzen du. Euren mailan talderik indartsuenetakoa da, baina Athletic bete-betean irtenez gero, eta gauzak ondo eginez gero, nagusi gu izatea da normalena. Gainera, San Mamesen Kopako finalerdi bat jokatzea oso gogorra da edozein aurkarirentzat.
Duintasunez lehiatu da Mirandes, eta hori eskertu beharra dago. Bai joaneko partidan, bai itzulikoan aurpegia eman du eta aurrera egin du une oro.
Bai, hala da. Eurek indarra agertu dute azken unera arte. Gol bi sartu zituzten San Mamesen, aukerak izan zituzten gehiago sartzeko, estrategia ondo menderatzen dutela erakutsi zuten… Bigarren zatian arriskuak hartu zituzten. Bost edo sei jokalarirekin egiten zuten aurrera. Horrek kontraerasoan aritzeko parada eman zigun guri. Hala ere, Athleticek ondo jokatu du, eta merezita sartu da finalean.
Noiz ikusi zenuen zeure burua finalean?
Hiru golen aldea lortu genuean oso zaila ikusten nuen aurkariak horri buelta ematea. Bete-betean zelairatu ginen, eta hor egon zen gakoa.
Zer sentitu zenuen Kopako finala jokatuko zenuela jakin zenuenean? Zer pasatu zitzaizun burutik?
Sari itzela da. Batetik, datorren denboraldian Europan lehiatuko gara. Baina Europan lehiatzea baino askoz garrantzitsuagoa da final bat jokatzeko aukera izatea. Zorteko belaunaldia gara. Guretzat handia da bigarren finala jokatu ahal izatea.
Sevillaren kontra jokatu zenuten aurreko finalerdian neurketa aurreko babesak sekulako indarra eman zizuela esan duzue sarri. Nolakoak izan ziren Mirandesen kontrako partidaren aurreko orduak?
Ezberdina izan zen. Espero nuen baino giro hobea aurkitu nuen. Zaleek sekulako babesa eman ziguten hoteleko sarreran agertu ginenetik. Harmailetako giroa ere ederra izan zen. Guri indar handia ematen digu horrek.
Joaneko emaitzak eta aurkaria Bigarren B Mailakoa izateak giro hotza sortzeko arriskua ematen zuten. Baina asteartean egun handietan bezala erantzun zuen Katedralak.
Eskertzekoa da. Ez zen neurketa erraza. Guk geneukan presio guztia, eta gure zaleek asko lagundu ziguten.
Final bakar bat jokatzea ametsa da, baina Athleticekin bi final jokatzea ikaragarria da. Beste sasoi bateko lorpenak dira.
Pentsa, 25 urte itxaron behar izan genuen Valentziako finala jokatu aurretik. Oraingoan, berriz, hiru urte baino ez dira pasatu. Etorkizunean sarriago lortzen ahaleginduko gara, baina aukerak aprobetxatu egin behar dira. Futbolean ezinezkoa da urtebete barru zer gertatuko den jakitea. Jakin badakigu aurrean izango dugun taldea gogorra izango dela. Baina irabazteko ahalegina egin behar dugu.
Duela hiru urte bazirudien nahikoa zela Valentzian egotearekin. Final bat jokatzearekin konformatzen ziren Athleticen inguruko guztiak. Orain beste pauso bat eman behar dela dirudi.
Zaila da, baina finalera irabaztera joango gara. Finalak ez dira gozatzen, irabazten ez badira. Gure eskuetan dagoena handia da. Beraz, ahal dugun guztia egin behar dugu. %180 eman behar bada, eman egin beharko da. Ea denboraldia ondo amaitzen dugun eta ondo ailegatzen garen finalera.
Madril da finala jokatzeko hiri aproposena?
Bai. Zelaia aukeratzeko eskatuz gero, Santiago Bernabeuren alde egingo nuke, zale asko sartzen den zelai bat delako batez ere. Jarraitzaileak aintzat hartu behar ditugula uste dut.
Sarrerekin arazoak egongo dira berriz. Sakelako telefonoa itzali egin beharko duzu hurrengo hiru hilabeteetan?
Beharbada, hori izango da konponbidea, baina guretzat oso gustukoak dira gisa honetako arazoak.
Maiatzeko finalerako asko falta da. Posible al da finala alde batera laga eta beste lehiaketetan buru-belarri jarraitzea?
Ez dakit zer esan. Finala hor egongo da, eta hemendik aurrera buruan izango dugu. Neurketa garrantzitsua da, baina finala jokatu aurretik erronka garrantzitsuak ditugu. Zorionez, Europako Ligan jarraitzen dugu, eta aukera izan dezakegu talde indartsuen kontra jokatzeko. Ligan, berriz, nahiko ondo kokatuta gaude.
Andoni Iraola. Athleticeko jokalaria
«Finalak ez dira gozatzen, irabazten ez badira»
Mirandes erraz gainditu arren, Athleticeko zaleek zein jokalariek merezi duen moduan ospatu dute finalera pasatu izana. Hiru hilabete barru taldea nola egongo den, hori da Iraolaren kezka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu