Finalaren atarian, gustura

Faborito argirik gabeko finala aurreikusi dute Koteto Ezkurrak eta Miguel Mari UrrutiakEzkurrak buruz-buruko 14. finala du, Urrutiak, laugarrena; bien arteko lehena

Koteto Ezkurra eta Miguel Mari Urrutia, atzo Galarretan larunbaterako finalerako hautatu zituzten pilotekin. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Hernani
2011ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Galarreta egun handirako prestatzen ari da, bihar jokatuko baita Kutxa torneoko finala. Koteto Ezkurra eta Miguel Mari Urrutia ariko dira aurrez aurre, egun koadroan dauden bi jokalaririk onenak. Doneztebeko aurrelariak buruz buruko 14. finala jokatuko du, eta horietatik hamar irabazi ditu. Saldiasko atzelariak, berriz, laugarren finala izango du, eta bi txapel ditu etxean. Biek elkarren kontra jokatuko duten lehen finala izango da.

Finala gerturatzen ari da, eta, protokoloak dioen bezala, pilotak hautatu zituzten atzo, Galarretan. Kike Elizaldek hainbat pilota eraman zituen, eta erremontistek launa hautatu zituzten. Aukeratzeko pilota asko zeuden, mota guztietakoak, eta horrela erraza da bakoitzak bere gustukoak hautatzea. Hala, Ezkurrak pilota arinen aldeko apustua egin zuen: 125 gramoko pilota bat eta 128 gramoko hiru pilota banatu zituen. Urrutiak, berriz, pisu gehiagoko pilotak hartu zituen: 132 gramoko bat, 131 gramoko bi pilota eta 129 gramoko pilota bat. Pilotak hautatuta, bi finalistak gustura geratu ziren egindako aukerarekin. «Aukera handia zegoen; pilota politak zeuden otarrean. Niretzat eskurakoiagoak diren pilotak hautatu ditut, nire jokoarekin bat datozelako horrelakoak», esan zuen Ezkurrak. Urrutia ere gustura amaitu zuen hautaketarekin. «Pilota asko zegoen, aukera ezberdinetakoak, gainera. Tartean lehorrak ere bazeuden, txapelketan orain arte izan ditudan bezalakoak, eta niri gustatzen zaidan moduan. Oso gustura geratu naiz hautatu ditudanarekin», esan zuen Saldiasko atzelariak.

Bihar arratsaldean dirua Urrutiaren alde egongo den arren, bietako inor ez da fidatzen bestearekin, eta final ireki bat espero dute, faborito argirik gabekoa. Egun biak dira erremonteko jokalaririk indartsuenak, eta horregatik iritsi dira finalera. Urrutia azken bi hilabeteetan lan bikaina egiten ari da, eta horren adibidea da hilabeteko erremontistarik onenaren saria jaso izana bietan. «Binaka lan ona egiten ari naiz, eta buruz burukoak ez du zer ikusirik. Partida asko jokatu ditut binaka, eta sasoi onean nago, banaka ez ditut hain partida onak jokatu», esan zuen Saldiaskoak. Txapelketa on bat eginda iritsi da finalera. Lehen partida galdu arren, gainerakoak irabazi zituen, eta ligaxkako lehen postuan sailkatu zen. «Hasieratik ondo aritu naiz, eta faborito bezala jarri naute. Sasoi onean iristen naiz finalera, baina buruz buruko txapelketan ez dut partida bikainik egin. Orain dena ahaztu eta Ezkurraren aurka dena eman behar dut, irabazi ahal izateko». Gainera badaki azken unera arte lehiatu beharko duela, Ezkurrak amaiera arte gogor egiten baitu lan. «Lehengoan erakutsi zuen Urrizaren aurka 29-26 galtzen joan arren, 29-30 irabazi zuenean. Amaiera arte lan egin beharko dut, atsedeneko tarterik utzi gabe», esan zuen Urrutiak. Ezkurra, ordea, partida bakarra jokatuta iritsi da finalera. «Fisikoki maila onean nago, finalerdietako kargaz errekuperatu ondoren. Mentalki lasai nago, ez baitut galtzeko ezer. Nire adinarekin horrelako partidatan disfrutatzera noa», esan zuen Doneztebeko aurrelariak.

Gauzak argi

Inor ez zen ausartu finaleko gakoak zein izango diren esaten. Baina bakoitzak badaki nondik eraso behar dion aurkariari. Bien artean buruz buruko finalik jokatu ez duten arren, jokatu dituzte buruz buruko hiru partida elkarren aurka —lehen biak Ezkurrak irabazi zituen, eta azkena Urrutiak—. Saldiaskoak badaki nondik eraso behar dion. «Sakean eta errestoan ongi aritu behar naiz. Eraso horri eustea garrantzitsua izango da niretzat. Ondoren piloteoan tontakeriak alde batera utzi, eta errebotera jaurtitzen ahalegindu behar naiz, Ezkurrak gutxitan jokatzen baitu errebotearekin», aitortu zuen. Ezkurrak finalean zein estrategia erabiliko duen ez zuen ezagutzera eman. «Estrategian eta horrelako kontuetan ez dut sinesten. Finaletan nola jokatu behar dudan esperientziak esango dit, eta batez ere non kokatu behar dudan. Partida guztiak ezberdinak dira, batez ere finalekoak».

Buruz buruko finalean ez, baina iazko partidan, min handia egin zion Doneztebekoak sakez, guztira 16 tanto egin baitzizkion. Urrutiak, aldiz, ez zuen tantorik egin sakez. Partida hartan 30-24 irabazi zuen Ezkurrak. Horregatik, Saldiaskoak badaki sakeak eta errestoak garrantzi handia izango dutela, irabazi nahi badu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.