Finalaren aurreko finala

Olaizola II.a-Beroizek eta Xala-Laskurainek finalean aritzeko azken aukera dute gaur, Bilbon

Xala, pilota jitzen, Beroiz eta Laskurain begira dituela, Gasteizko Ogeta pilotalekuan. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2012ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Finala. Finala eta finala. Ez dute besterik izango buruan Olaizola II.a- Beroizek eta Xala-Laskurainek gaur gauean Bizkaia pilotalekuan kantxaratzen direnean. Txapelketa guztian bezala, partida irabaztera behartuta daude, baina behar horrek are eta indar handiagoa du gaur. Finala dago jokoan. Final preziatua. 22 tantoak lehenbizi egiten dituen bikoteak soilik izango du amets egiten jarraitzeko txartela. Horregatik, jokoan dagoen guztiarengatik, finalaren aurreko finala izango da gaurkoa.

Faborito nor den esatea ez da erraza izaten halakoetan. Bi bikoteek egin dituzte honaino iristeko merituak. Egia da Asegarceko bikoteak ez sinesteko moduko lehen fasea egin zuela —jokatutako hamalau partidak irabazi zituen—. Haren aldean, ibilbide gorabeheratsuagoa egin zuen Aspeko bikoteak. Finalera sailkatu edo ez daude, ordea, bi bikoteak. Hasieran egindakoak ez du ezertarako balio gaur.

Olaizola II.ak eta Beroizek partidarik garrantzitsuenean huts egin zuten. Joan den astean izan zen, Titin III.a eta Merino II.aren aurka jokatu zuten neurketan. Irabaztera derrigortuta zeuden horretan ere, finalerako lehen txartela baitzegoen jokoan. aurtengo eskuz binakako txapelketan orain artean jokatu den partidarik ederrenetarikoa jokatu zuten. Ederrenetarikoa, ederrena ez esatearren. 22-20, errioxarrek hilaren 29ko finalerako tokia gorde zuten, beste astebetez itxaron beharrik gabe. Orduko aukera galduta, azken abagunea izango dute Goizuetakoak eta Uhartekoak gaur iluntzean.

Hutsak konpontzea helburu

Kontrarioentzat ere, Xala eta Laskurainentzat, ez da beste aukerarik izango. Azkena da. Finalaren aurreko finala. Beste partidetako hutsak konpontzen ahaleginduko dira aurretik. Hasierako tantoetan aurrea hartzeak duen garrantziaz jakitun dira, eta horretan ahalegindu nahi dute. Izan ere, txapelketa guztian jokatu dituzten zortzi partidatan baino ez dute lortu hori. Soraluzeko atzelariak berak ere onartu zuen hutsa. «Ez dugu partida bat bera ere markagailuan aurretik garela hasi, ez dugu erritmoa jarri ere egin».

Jator. Oso jator. Huts horren zati bat bere gain hartu zuen herenengungo pilota aukeraketan Laskurainek. Partida luzeak aurreikusten zituela eta, beroketa arinagoak egiten zituela aitortu zuen. Gutxik egingo zuketena egin zuen berak. Inori errurik bota ez, eta bereak onartu. Kantxatik kanpora ere errezitala eman zuen, inongo zalantzarik gabe.

Estatistikei begiratuta, irabazteko dena alde daukate nafarrek. Bi bikoteak elkarren aurka aritu diren bi aldietan irabazi egin dute. Lehen faseko seigarren jardunaldian 22-17 nagusitu ziren. Hamahirugarren jardunaldian aritu ziren bigarrenez, eta ordukoan ere aise irabazi zuten, 22-13. Dena esanda eta dena esateko dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.