Finalaren usainean

Txumulutxuetak aise lortu du bigarren kanporaketarako txartela, eta Aurrera Saiaz finalerdien atarian dago jada, oso sendo

ERREDAKZIOA / DONOSTIA
2009ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Hilabete eta erdi luze falta da oraindik BERRIA Txapelketaren finalerako, baina adar bakoitzean hasi dira gauzak argitzen. Aurrera Saiazek orain arteko kanporaketarik samurrena izan zuen Arrasateren aurka (66-24), eta Huarte kanporatzea soilik falta zaio finalerdietan sartzeko. Huartek dezente lan gehiago egin behar izan zuen San Migueli irabazteko, puntu bana lortuta iritsi baitziren nagusien partidara. Lan zailak izango dituzte hirugarren kanporaketan. Txumulutxueta eta Danok Lagunak-en arteko kanporaketa, berriz, desorekatua izan zen (57-40). Jubeniletan lortu zuen Txumulutxuetak alde erabakigarria, 22-5 irabazita.

Txumulutxueta 57

Danok Lagunak 40

KADETEAK

Ziarrusta-Etxeberria 22

Artetxe-Adrian 13

GAZTEAK

Etxebarria-Etxebarria 22

Gonzalez-Aurrekoetxea 5

NAGUSIAK

Etxeberria-Olalde 13

Lopez Aldai-Tejero 22

Eguraldi txarrak eraginda atzeratutako kanporaketa zen Txumulutxueta eta Danok Lagunak-en artekoa. Apal hasi zen kadeteen partida. Tantoak egin ezin, eta hutsak bata bestearen atzetik. Ziarrusta aritu zen txukun, baina partida eskasa izan zen (22-13). Eta eskas hasitakoa are gehiago eskastu zen jubenilen partidan. Bizkaiko txapeldunordeak dira Etxebarria eta Etxebarria, eta dotore jokatu zuten biek. Atzelariak ez zuen pilota bakar bat ere galdu, eta aurrelariak 11 tanto egin zituen (22-5). Kanporaketa erabakita zegoen nagusien partida hasterako, eta lasai jokatu zuten. Lasai eta ondo. Sendo aritu ziren bi atzelariak, eta Lopez Aldai aurrelariak asmatu zuen gehien aurrean. Hamalau tanto egin zituen (13-22).

Huarte 2

San Miguel 1

KADETEAK

Zestau-Mina 22

Aznarez-Unanue 19

GAZTEAK

Iraola-Iraizoz 9

Senosiain-Lana 22

NAGUSIAK

Garralda-Tabar 22

Maestresalas-Keralt 7

Aurrekoa ez bezala, orekatua izan zen Huarte eta San Miguelen arteko kanporaketa. Partida handia izan zen kadeteena (22-19). Oso sendo jokatu zuten bi atzelariek, baina aurrelarien artean izan ziren gorabeherak. Zestauk bederatzi tanto egin eta zortzi galdu zituen, eta Aznarezek 16. tantora arte bikain jokatu arren, behera egin zuen amaieran. Espero bezala, jubeniletan orekatu zuen kanporaketa San Miguelek (9-22). Iraolak eta Iraizozek hamalau huts egin zituzten. Nagusien partida izan zen hiruretan eskasena. Atzean Keralt baino hobea izan zen Tabar, baina hautsi, aurrean hautsi zen partida, Garraldak hamalau tanto egin baitzituen (22-7).

Aurrera Saiaz 66

Arrasate 24

KADETEAK

Labaka-Arratibel 22

Arabaolaza-Etxegibel 3

GAZTEAK

Apezetxea-Zinkunegi 22

Agirregabiria-Bolinaga 6

NAGUSIAK

Renobales-Galarraga 22

Muguruza-Irureta 15

Aurretik ere jakina zen Aurrera Saiazek oso talde sendoa zeukala, baina igandean, Goizuetan, berretsi egin zuten. Kadeteetan 22-3 irabazi zuten Labakak eta Arratibelek, oso erraz, eta beste horrenbeste pasa zen jubeniletan. Partida orekatua espero zen, baina bosgarren koadroan sortu zen putzuak erabat baldintzatu zuen partida. Bolinaga hiru aldiz erori zen, eta erabat beldurtu, uzkurtu, eta ez zuen bere mailarik eman. Apezetxeak gozatu egin zuen aurrean. Hamasei tanto egin zituen (22-6). 44-9 zegoen kanporaketa, baina polita izan zen nagusien mailan dauden lau pilotaririk onenetakoen arteko lehia. Renobalesek gehiago asmatu zuen amaiera aldera, eta Aurrera Saiazek irabazi zuen hirugarren partida ere.

@Txapelketari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, bisitatu webgune hau:

www.berria.info
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.