Finalaz galdezka

Athletic-Reala finalaren atarian, Onaindia, Clemente, Soldevilla, Zarrabeitia, Iriarte, Lopez Ufarte, Fuentes eta Zamoraren iritziak bildu dituzte 'Bizkaiko eta Gipuzkoako Hitzek'.

Unai Nuñez Athleticeko jokalaria eta Alexander Isak Realekoa, iazko otsailean, ligako Donostiako partidan. JON URBE / FOKU
Bizkaiko Hitza - Gipuzkoako Hitza
2021eko apirilaren 2a
08:23
Entzun

Bihar jokatuko dute Realak eta Athleticek Espainiako Kopako finala (21:45, Sevilla; ETB1), eta Gipuzkoako Hitza egunkariak inkesta bat egin du, eta Bizkaiko Hitza egunkariak inkesta bana egin dute.

ATHLETIC
 
Athleticek Espainiako Kopako bi final jokatuko ditu apiril honetan. Bizkaiko Hitza-k taldearekin harreman berezia duten lau lagun elkarrizketatu ditu, taldearentzat historikoa den une honen atarian zer sentitzen duten azaldu dezaten.

1. Nola ikusten duzue aurten bi final jarraian jokatzeko aukera?
2. Zela ikusten duzu Athletic biharko finalerako?
3. Zure ustez, bi partidetako zeinetan dauka aukera handien? Zergatik?
4. Espainiako azkeneko Kopa 1984an irabazi zuen; denbora asko igaro da geroztik... Zer datorkizu gogora?
5. Zer garrantzi du garaipena berritzeak garaipen hura ezagutu ez zuten belaunaldientzat?
6. Finalak non eta norekin ikusiko dituzu?
7. Ausartuko zinateke emaitzen bat esatera?

Nerea OnaindiaAthleticeko jokalari ohia

«Garaipenak guk 1984an bizi izandako parte bat berritzea ekarriko lieke hainbati»

1. «Aurten Kopako bi final jarraian jokatzeko aukera oso gauza berezia izango da, halakorik ez delako inoiz gertatu, eta horrek bereziago bilakatuko gaitu».

2. «Athletic oso egoera positiboan ikusten dut momentu honetan. Jokalariak joko eta presio ona egiten ari dira, eta ausart jokatzen ari dira. Beraz, partida biak irabazteko gai ikusten dut taldea, eta hala izatea espero dut».

3. «Agian, Realaren aurka aukera handiagoa izan dezaketela uste dut. Partida bakarrera jokatuz, aukera handitu egiten da, eta, momentu onean gaudenez, aprobetxatu behar dugu».

4. «Kopa beti izan da berezia Athleticentzat. Gure filosofiarekin ligak irabaztea zaila izan da beti,  baina Koparen formatuak aukera asko eman dizkigu, eta gure kasta aterata aukera horiek aprobetxatu ditugu. 1984ko Kopa irabazi zutenean, aita eta lagun batzuekin Areetara joan nintzen gabarra ikustera. Aitaren lagun baten bulegotik ikusi genuen, eta zoragarria izan zen. 13 urte neuzkan, eta egun ahaztezina izan zen».

5. «Gaur egun garaipena lortzeak hainbat belaunaldik guk urte hartan bizi izandakoaren parte bat berritzea ekarriko luke. Eta gure filosofiarekin zalantzak dituztenei, ilusioa berriro piztuko lieke. Zoritxarrez, ospakizunik egin ezinak dena oso ezberdina izatera derrigortuko gaitu, baina benetako balioa hor egongo da».

6. «Finalak etxean ikusiko ditut, etxekoekin».

7. «Lehen partidako emaitza esango dizut, familiarekin egindako porran jarri dudana: Athleticek 3, Realak 2».

Javier ClementeAthleticeko entrenatzaile ohia

«Etxean ikusiko dut; zaleek joateko aukerarik ez badute, ez dut uste ni joan behar naizenik»

1. «Athleticentzat positiboa izango da, bere historiari beste garaipen bat gehitzeko bi aukera izango dituelako. Futbola taldeen historiekin osatuta dago, eta hori tituluek osatzen dute».

2. «Oso pareko ikusten ditut biak. Aurkaria dena delakoa izanik ere, finaletan gauzak orekatu egiten dira asko, eta, kasu honetan, derbi batekin, are gehiago».

3. «Uste dut bietan dituela aukera berak, baina, une honetan, lehengoa izan behar da garrantzitsuena guretzat. Gero gerokoak».

4. «Ez dut oso ondo gogoratzen: urte hartan liga ere irabazi genuen, eta, beraz, Kopako garaipena bigarren mailan geratu zen. Baina zure afizioaren aurrean lortzen duzun garaipen bat da, eta, alde horretatik, aurten zalerik ez egotea tristea izango da, haiek baitira finalaren atalik garrantzitsuena».

5. «Athleticen zaleentzat, Realekoentzat bezala, oso garrantzitsua da zale gazteek ere bizi izatea txapelketa bat irabazteak dakartzan sentimendu horiek guztiak. Jendearen ilusioa berpiztu beharra dago. Gazte gehienek ez dute inoiz halako ezer bizi izan».

6. «Etxean ikusiko dut. Sevillara joateko gonbidapena jaso nuen, baina etxean geratzea erabaki dut; zaleek joateko aukerarik ez badute, ez dut uste ni joan behar naizenik. Arduraz jokatu behar dugu, eta eredu izan, etxean geldituz».

7. «Ezinezkoa egiten zait emaitza ematea. Biek dute irabazteko gaitasuna. Finalak duen alderik okerrena, eta, are gehiago derbi bat dela kontuan izanda, zera da: galtzaileari tonto aurpegia geratuko zaio».

Garazi SoldevillaZazpiak bat peñako kidea

«Gazteok badakigu zer den galtzea; orain irabazten ikasi behar dugu»

1. «Aukera ikaragarria da. Bi final ditugu jarraian. Gogo handiarekin goaz, oso momentu onean gaude, eta, nire ustez, aurreko finalekin alderatuz ezberdina izango da».

2. «Azken urteetan, Bartzelonaren aurka jokatutako Kopako finalak galdu ditugu, baina, orain dela gutxi, Superkopako finala irabazi genien; ondorioz, badakigu ez dela ezinezkoa. Realaren aurka gogotsu goaz, eta irabaziko diegu».

3. «Nire iritziz, bietan ditugu aukerak. Partida bakarra da, eta edozer gauza gerta daiteke; azkeneraino ez dago ezer galduta. Bat aukeratu behar badut, nahiago dut Realari irabaztea, baina, egia esan, klub moduan hobeto izango litzateke Bartzelonaren aurka irabaztea, horrek Europan lehiatzeko aukera emango digulako».

4. «Gure filosofiagatik, liga bat irabaztea oso zaila da. Kopak beste formatu bat du. Betidanik lehiaketa hau berezia izan da Athleticen zaleentzat, eta sentimendu eta gogo horiek jokalariek era jaso dituzte. Kopa gurea da».

5. «29 urte ditut, eta ez nuen garai hori bizi izan. Jokatutako azken lau finaletan estadioan egon naiz, eta guztietan galdu dugu. Aurten ezingo gara egon, baina ziur nago kopa altxatuko dugula, eta ahal denean gabarra aterako dugula. Gazteok momentu hori bizitzea merezi dugu: badakigu zer den galtzea; orain irabazten ikasi behar dugu, eta momentua iritsi da».

6. «Etxean ikusi beharko da, ezin dugu besterik egin une hauetan. Amarekin eta nebarekin ikusiko dut, eta haiekin ospatuko dut».

7. « Azken momentuan irabaziko ditugu biak. Realaren aurka 1-2, eta Bartzelonaren aurka 2-3».

Beñat ZarrabeitiaKazetaria

«Athleticek badu DNA lehiakor bat eta hamarkadetan landutako sen irabazle bat»

1. «Pozgarria da. Zalantza barik, kirol alorrean erakusten du taldeak baduela goi mailan lehiatzeko indar nahikoa. Hala ere, izurriak gure bizitzak markatzen ditu eta sekulako inpaktua izango zukeen euskal finala beste modu batean bizi izan beharko da».

2. «Sendo eta tituluak lortzeko aukera garbiarekin. Superkopan hala erakutsi zuen, eta kanporaketetan ere une zailak gainditzen dakien talde bat dela erakutsi du. Athleticek badu DNA lehiakor bat eta azken hamarkadan landutako sen irabazle bat».

3. «Aukerak baino gehiago, lehentasunak markatu behar dira. Aurrenekoa, biharkoa da, eta, irabaziz gero, Athleticek optimismoz beterik jokatuko luke bigarrena».

4. «Historia hor dago, baina lupa jarrita ñabardura batzuk topatzen ditugu: besteak beste, 1985 eta 2009 bitartean, klubak ez zuela finalik jokatu edo 1969tik gaurdaino Kopako hiru titulu soilik eskuratu dituela. Ostera, azken hamabi urteetako bederatzigarren finala du Athleticek biharkoa, eta hori ez da kasualitatea. Taldeak lehiakortasuna berreskuratzen duenean, Kopan isla positiboa izaten du».

5. «Garai errepikaezina da hori, kirol alorrean, eta baita sozialki, kulturalki edo politikoki ere. Paralelismo nagusia da, nire ustez, garai zailetan klubak elementu kohesionatzaile gisa duen gaitasuna. Badu gaitasuna herritarrak elkartu eta albiste positiboak emateko».

6. «Biharkoa, jaioberria den alabarekin eta neska-lagunarekin, etxean. 17koa, ziurrenik, Sevillan».

7. «Asko poztuko nintzateke Asier Villalibrek Endika Guarrotxenaren lekukoa hartuko balu».

REALA

1. Nola bizi izan zenuen finalera arteko bidea?
2. Zein talderi egin dio mesede finala urtebete atzeratzeak?
3. Zein izango dira finaleko gakoak?
4. Zein aholku emango zenieke jokalariei?

1987an Espainiako Kopa irabazi zuenetik ia 34 urtera, Kopako finala jokatuko du Realak bihar. Baikor daude Salva Iriarte, Roberto Lopez Ufarte, Miguel Fuentes eta Jesus Mari Zamora. Haiengana jo du Gipuzkoako Hitza-k.

Salva IriarteRealeko jokalari eta entrenatzaile ohia

«Banakako lehia horiek irabazten baditu, kalitate handiagoa du Realak»

1. «Zale sutsu baten moduan. Real Madrilen aurkako garaipena izan zen unerik gorena. Sasoi guztian erakutsi zuena elkartu zen Madrilen, eta partida harrigarria egin zuten; ez dugu ahaztuko».

2. «Ezinezkoa da jakitea, baina egia da Reala oso momentu onean zegoela, Athletic baino hobeto, agian. Derbietan eta finaletan, ordea, horrek ez du garrantzirik».

3. «Partidak berak eta talde bakoitzaren estiloak markatuko ditu gakoak; funtsezkoa izango da egiten ari diren horretan sinestea. Sufritzeko momentuak ere izango dira, eta une horiek kudeatzen jakin beharko dute jokalariek. Jokamolde jakin bat dauka talde bakoitzak, eta bata edo bestea ez da hobea, denak balio baitu futbolean. Realaren jokoa askoz gehiago gustatzen zait niri, baloia mugitzen duelako, aukerak sortzen dituelako trantsizio azkarretan eta joko estatikoan... Jokoan aukera asko dauzka gaur egungo Realak. Athletic, berriz, lehiakorragoa da une oro. Realak Athleticen parean jarri beharra dauka borrokari, grinari eta lehiari dagokionez; banakako lehia horiek irabazten baditu, kalitate handiagoa du Realak».

4. «Goza dezatela. Euren kirol ibilbidean, ziurrenik, ez dituzte jokatuko horrelako partida asko, eta aprobetxa dezatela momentu bakoitza. Partida zoragarria izango da, ziur nago, baina horrelako helburuak ez dira lortzen sufritu gabe».

Roberto Lopez UfarteRealeko jokalari eta bigarren entrenatzaile ohia

«Realak normalean baino indartsuagoa izan beharra dauka buruz»

1. «Final bat jokatzeko aukerak sortzen duen ilusioarekin. Kopa da tituluren bat lortzeko biderik laburrena, ligan zailagoa delako dena. Real Madrilen aurkako kanporaketan iritsi zen ginga; orduan ikusi genuen Reala Kopa irabazteko moduan zegoela».

2. «Finaletan ez da izaten faboritorik, baina duela urtebete %60ko aukera ematen nion Realari, eta %50ean dago orain. Gora egin du Athleticek, eta egonkor edo pixka bat behera eginda dago Reala».

3. «Hainbat gako egongo dira. Athleticek asko hobetu du defentsako lana, oso indartsu dago eta erasoan aldea egiten duten hiru jokalari dauzka: Muniain, Williams eta Raul Garcia. Realak dinamita dauka erasoan, eta zelai erdian ere asko jokatzen du, hor baitauzka Silva eta Merino. Baina oreka da garrantzitsuena. Reala hobea da erasoko jokoan, eta Athletic, defentsakoan. Taldeak atzetik hasten dira indartzen, baina aldea egiten duten jokalari asko dauzka Realak erasoan. Aritz Elustondok jokatzen badu, asko izango du irabazita Realak».

4. «Buruz indartsuen dagoenak irabaziko du finala. Realak normalean baino indartsuagoa izan beharra dauka buruz; egoerarik txarrenean, ezer ez du galdutzat eman behar 90. minutura arte. Zirraragarria izango da finala».

Miguel FuentesRealeko jokalari eta presidente ohia

«Dakiten hori egin dezatela jokalariek, oso onak baitira»

1. «Hainbeste denbora igaro da...; ia-ia ahaztu egin zaigu! Baina Realak oso lehiaketa ona egin zuen aurreko denboraldian Kopan, ondo jokatu zuen, eta erabat merezita iritsi zen finalera. Aho zapore ona utzi zigun finalera arte egindako bideak, eta finalak ere hala uztea espero dugu».

2. «Ez dakit... Reala momentu onean zegoen aurreko denboraldian, baina taldea ondo dago orain ere. Oso talde ona dauka eta ondo ari da jokatzen. Futbolean Athletic baino gehiago da Reala, eta erabat gai da finala irabazteko».

3. «Derbi bat da, eta derbietan asko berdintzen dira indarrak. Oso lehiatua eta borrokatua izango da, ziur, baina Realak dakien hori ondo egitea izango da gakoa; futbolean jokatzea eta zelaian nagusi izatea. Athleticek itxaron egingo dio, itxi egingo da atzean, falta asko egingo ditu..., baina Reala gai bada bere jokoa egiteko, finala berea izango duela uste dut. Reala hobea da baloiarekin, baina Athleticek argi utzi du oso lehiakorra dela. Aurreko denboraldian bizpahiru aldiz Kopatik kanpo gelditzear egon zen, baina finalera iritsi zen azkenean. Azken minutura arte jarraituko dute borrokan, eta arlo horretan maila berean jarri beharko du Realak».

4. «Dakiten hori egin dezatela jokalariek, oso onak direlako».

Jesus Mari ZamoraRealeko jokalari eta administrazio kontseiluko kide ohia

«Adi txartelekin ere; erabakigarria izan daiteke txartel gorri bat»

1. «Ilusio handiarekin eta oso sentipen onekin. Realak oso ondo jokatu zituen kanporaketa guztiak, eta iazkoa momentu ona izango zen finala jokatzeko».

2. «Zalantzarik gabe, Athletici. Momentu hartan baxu samar zeuden haiek, eta orain baino hobeto zegoen Reala. Finaletan zaila da faboritoez hitz egitea, baina duela urtebete uste dut Realak Athleticek baino aukera gehiago zuela finala irabazteko. Orain? %50ean dago dena».

3. «Hain final arraroa da... Zalerik gabe, urtebete geroago... Oso estilo desberdineko taldeak dira; baloia gustatzen zaio Realari eta hobea da horretan; Athleticek, berriz, bizitasuna eta zuzeneko jokoa lehenesten ditu. Garrantzitsua izango da lehen 15-20 minutuetan aurkariak golik ez sartzea eta jokoan nagusitzen hastea; arrisku pixka bat sortzea, agintzen ari zarela sentitzea eta aurkaria beldurtzea. Momentu desberdin asko egoten dira finaletan, bat-batean aldatzen da partida, eta azterketa horretan ere asmatu egin beharko dute jokalariek eta entrenatzaileak. Eta adi txartelekin ere; erabat ezinbestekoa denean egin beharko dira txartela merezi duten faltak, beste aukerarik ez dagoenean, erabakigarria izan daitekeelako txartel gorri bat».

4. «Orain arte izan diren hori izateko aurrerantzean ere, eta finalean momentu bakoitzaren azterketa argia eta egokia egiteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.