Hotz dezente egiten zuen atzo Hernanin (Gipuzkoa), Galarreta frontoiaren kanpoaldean: bi bat gradu ozta-ozta. Frontoi barruan ere ez zen giro; eta komenigarriagoa zen bufanda baten berotasunean babestea, pilotariak bezala mahuka motzean ibiltzea baino.
Pilotak aukeratzeko ere, erabakigarria izan daiteke eguraldia. Erremonteko Azysa Binakako Txapelketako finala bihar jokatuko da, 16:45ean; eta pilota aukeraketan baino lauzpabost gradu gehiago egongo dira, ziurrenik. Hala, asmatzen zaila da pilotek nolako erantzuna emango duten.
Horrek kirolarien jarduna zaildu zuen atzo, eta Zeberio II.ak eta Ionek hogei minutu inguru eman zituzten pilotarik egokienak aurkitzeko asmoan. Azkenik, 127 gramotik 132 gramora bitarte doazen bost aukeratu zituzten. «Hiru pilota oso antzekoak hautatu ditugu, eta beste biak desberdinagoak dira», adierazi zuen Ionek.
Hautaketan, Zeberioren hierarkia nabaria zen, eta aurrelariak eraman zuen bikotearen aginte makila. «Gehienbat, jokatzen uzten duten pilotak aukeratu ditugu. Ikusiko dugu nola erantzuten duten, baina hasiera batean pilota zuzenak bilatu ditugu, gutxi okertzen direnak».
Gipuzkoarren ondoren, Urriza eta Etxeberria III. nafarren txanda izan zen. Bigarren izateak lanak erraztu zizkien, eta bost bat minutu nahikoa izan zuten pilotak baztertzeko; 125 gramotik 130 gramora bitartekoak. Aurkarien hautaketa ikusita, pilota «desberdinak» aukeratu dituztela azaldu zuen Urrizak. «Bi nahiko lehor, eta beste hiru bote biziagokoak. Finalerako aukera zabala izatea nahi dugu; gaurtik larunbatera asko alda daitezke pilotak, eta, horrela, partidaren arabera bat edo beste erabiliko dugu».
Haren bikotekidea ere antzera mintzatu zen, aurkarien pilotak erabiltzeko aukera baztertu gabe. «Asko alda daitezke pilotak; horregatik, agian aukariarena erabiliko dugu finalean».
Guztiak gustura agertu ziren materialarekin. Aukeratzeko eskaintza zabala izanik, desiraturiko pilotak aurkitu zituzten. Desberdinak, bataren eta bestearen jokorako aproposak. Etxeberria III.ak azaldu bezala, «galtzen duenak ezingo du materiala aitzakia gisa jarri».
Finalerako esperoa luze egin zaie jokalariei, eta biharko eguna iristeko irrikan daude. Ustez, Urriza eta Etxeberria III. dira faborito, baina ez dira fio. Finalak partida bereziak izan ohi dira, eta bi bikoteek aukera berberak dituztela uste dute. Aurrekari hurbilena ligaxkako lehen partida da, non Urriza eta Etxeberria III. bikoteak irabazi zuen (38-40), markagailua azken unean irauli eta gero.
Seitik sei Zeberio II.ak
Nafarrek badakite gogor egin beharko dutela txapela jantzi nahi badute. Aurrean Zeberio II.a izango dute, finaletan iaioa. Marka da elduaindarrak lortu duena: sei final jokatu eta seiak irabazi. Halere, hasierako ilusio bera du oraindik. «Finala jokatzeaz ez zara inoiz aspertzen; horrek goian nabilela esan nahi du, lan ona egin dudala». Ionek, berriz, lehen txapela luke irabaziz gero, eta horrek Zeberiori ilusio berezia eragiten dio. «Hemendik kanpora oso lagunak gara».
Zazpitik sei irabaztea da beste bikotearen helburua. «Denok dugu gogoko partidak irabaztea, eta finaletan are gehiago»; Etxeberria III.aren hitzak dira. Lelo berbera Urrizaren ahoan: «finalak irabazteko dira, eta zoragarria litzateke guk irabaztea».
Atzoko pilota aukeraketan hotz egiten zuen; bihar, baina, ez da halakorik izango. Harmailak bero egongo dira, sutsu, ikuskizun on baten esperoan. Kirolariek urduritasunaren harra itzulipurdika nabarituko dute urdailean behera; eta lehen izerdia botatzearekin bat, 40 tantora iristeko premia. Termometroek egia esan ohi dute, baina ez beti; bihar Galarretan ez, bederen.
Finalean ez da hotzik
Urriza-Etxeberria III.a eta Zeberio II.a-Ion gustura agertu dira erremonteko binakako finalerako pilotekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu