Saskibaloia. ACB ligako kanporaketak

Finalerdiak ez du balio

Caja Laboralek finala jokatu behar du sasoi txarra orekatzeko, baina aurkari zaila du; gutxienez bat irabazi beharko du MadrilenLasoren taldea geldiezina da, korrika egiten badu; Mirotic ez da ariko lehen bi demetan

Andoni Urbistondo.
2012ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
ACB ligako finalerdietan dago Caja Laboral Baskonia, eta pozik daude Gasteiz aldean. Baina ez da nahikoa. Ez da nahikoa Euroligako porrotak min egiten duelako belarrian mahai gainera ekartzen den aldiro, eta Espainiako Kopan ere kale egin zuelako, finalerdietan Bartzelonaren aurka galduta. Orduan, ligako titulua lortzeko kanporaketetan ere finalerdiak jokatuta kluba konformatu egingo zela esaten zen, trantsizioko denboraldia zelako eta orduko jokalari zerrendarekin ezinezkoa zelako Bartzelona eta Real Madril menderatzea.

Pentsamendu hura udaberriko haizeak eraman du, zorionez. Taldea asko aldatu delako otsailaz geroztik. Maciej Lampe bueltatu zen aurrena, eta Andres Nocioni fitxatu zuten geroxeago. Jokalari onak dira, baina haiei ere kosta zitzaien taldeari eta euren gorputzari neurria hartzea. Lampe sei hilabete luze egon zen jokatu gabe, eta Nocioni jokatzeko gai zen, baina aukerarik ez NBAn. Hilabete pare bat behar izan dute egokitzeko, eta arabarren liga bukaera ez da askok espero zuten bezain distiratsua izan.

Argi printzak sumatu ziren, halere. Bartzelonaren aurka, adibidez, eta etxean Real Madril eta Gescrap Bizkaiaren aurka lortutako garaipen onak. Kanporaketetako lehen langak ere dezente hauspotu du Baskonia. Majo sufritu du Bizkaiaren aurka, baina aurrera atera du final-laurdena, bi partidatan, eta aintzat hartzeko moduko datua da hori, Bilbokoek indar handia baitute euren etxean.

Bi partida horiek erakutsi dute Baskonia sasoi onenetik gertu dagoela, eta horrek itxaropena piztu du. Pablo Prigionik atzean utzi ditu sorbaldan zituen arazo fisikoak, Thomas Heurtel ere zer edo zer laguntzen hasi da, Fernando San Emeterio ere talde dinamikan sartu da, eta Nemanja Bjelicaren jarduna erabakigarria izan da azken hilabetean. Komeni da laukote horren lan ona goraipatzea, jende guztiak Lampe eta Nocioniren ekarpenari erreparatzen baitio batez ere. Egia da bikote horrek ere asko lagundu duela, baina beste laukoteak ere bai.

Nahikoa ote finala jokatzeko?

Hobetu du, bai, baina nahikoa izango ote da hobekuntza hori finala jokatzeko? Batek daki. Real Madril da faboritoa, Pablo Lasoren taldeak partida erabakigarria Madrilen jokatzeko eskubidea irabazi duelako liga erregularra bigarren postuan bukatuta. Horrek esan nahi du Madrilen gutxienez partida bat irabazi beharko dela. Espainiako hiriburuan jokatuko diren lehen bietatik bat izatea komeni —larunbatean jokatuko da bigarrena—, Madrildik 2-0 bueltatuz gero ia-ia jai izango duelako Baskoniak.

Ligako bi partidetan, erraz nagusitu zen Real Madril lehen itzulian, 11 punturen aldearekin, eta Baskoniak justu-justu atera zuen bere neurketa aurrera Gasteizen, puntu bakarragatik. Nondik begiratu, giltza asko ditu kanporaketak, baina bi nabarmentze aldera: Real Madrilen trantsizio joko azkarra, eraginkorretan eraginkorra; eta, Baskoniari dagokionez, Dusko Ivanovicek goratutako dohainak: pazientzia eta konfiantza.

REAL MADRIL-BASKONIA

Txapelketa. ACB ligako finalerdietako lehen partida. Hiru partida irabazten dituen lehenak jokatuko du finala.

Real Madril. Llull, Sergio Rodriguez, Sanz, Carroll, Pocius, Diez, Singler, Suarez, Velickovic, Felipe Reyes, Tomic eta Begic.

Caja Laboral Baskonia. Prigioni, Heurtel, Pau Ribas, Oleson, San Emeterio, Nocioni, Nemanja Bjelica, Calbarro, Milko Bjelica, Teletovic eta Lampe.

Tokia. Vista Alegre zezen plaza (15.700 ikusle).

Ordua. 20:00 (Teledeporte). Beste finalerdia. Bartzelona-Valentzia (gaur, 21:45ean)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.