Finalerdiak zehaztuta daude Roland Garrosen

Hauek ariko dira: Soderling-Gonzalez, Del Potro-Federer, Safina-Cibulkova eta Stosur-Kuznetsova

Erredakzioa
Donostia
2009ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Roland Garroseko galbaheak bere lana egin du, eta jada zehaztuta daude zein zortzi jokalari ariko diren gizonezkoen eta emakumezkoen finalerdietan. Gizonezkoetan, Robin Soderling suediarrak eta Fernando Gonzalez txiletarrak jokatuko dute lehen finalerdia, bihar. Bi jokalariok herenegun pasatu ziren, Nikolai Davidenko errusiarrari eta Andy Murray britainiarrari irabazi ondoren. Atzo, berriz, beste bi jokalari gehitu zitzaizkien: Juan Martin del Potro argentinarra eta Roger Federer suitzarra.

Del Potrok erraz hartu zuen mendean Tommy Robredo kataluniarra (6-3, 6-4 eta 6-2). Argentinarrak berriro erakutsi zuen sasoi betean dagoela, eta Roland Garros irabazteko hautagai sendoa dela. Inoiz ez zen hirugarren kanporaketara iritsi Roland Garrosen, eta aurten jada finalerdietan dago. Jauzi handia, zalantzarik gabe.

Argentinarrak Federer izango du aurkari bigarren finalerdian. Suitzarrak ere nagusitasunez irabazi zion Gael Monfils frantziarrari (7-6, 6-2 eta 6-4). Oraingoan, Federerrek ez zuen sufritu -final-zortzirenetan bost set behar izan zituen Tommy Haas alemaniarrari irabazteko-, eta lehen setean ez beste, beti izan zuen partidako ekimena. Monfils saiatu zen Federerri nola edo hala aurre egiten, baina ezinean aritu zen. Monfils kanporatuta, etxeko jokalaririk gabe geratu da Roland Garroseko torneoa. Suitzarrak, berriz, bosgarren urtez jarraian jokatuko ditu finalerdiak.

Serena Williamsen agurra

Emakumezkoetan, Samantha Stosur australiarra eta Svetlana Kuznetsova errusiarra sailkatu ziren atzo finalerdietarako. Stosurrek erraz gailendu zitzaion Sorana Cirstea errumaniarrari ( 6-1 eta 6-3), eta bere inoizko emaitzarik onena lortu zuen. Australiarrak Kuznetsova izango du aurkari gaur finalerdietan. Errusiarrak ederki sufrituta irabazi zion Serena Williams estatubatuarrari(7-6, 5-7 eta 7-5). Kuznetsovak lehen seta irabazi zuen, eta bigarrenean 5-3 aurretik zenean orkatila bihurritu zuen. Garesti ordaintzekotan izan zen, bigarren seta galdu baitzuen eta Serena 3-1 jarri baitzen aurretik hirugarrengoan. Estatubatuarrak,baina, ez zuen lana biribiltzen asmatu, eta Kuznetsovak irabazi zuen.

Australiarraren eta errusiarraren arteko finalerdia jokatu aurretik, Dinara Safina errusiarra eta Dominika Cibulkova eslovakiarra izango dira aurrez aurre finalerako lehen partidan. Safina da faborito argia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.