Galbahea estutzen ari da Australiako Irekian. Azken txanpan sartu da, eta punta-puntakoek baino ez dute jada aurrera egiten. Zehaztuta gelditu diren finalerdietako lehen kanporaketak dira horren seinale: Nicole Vaidisova txekiarrak eta Serena Williams estatubatuarrak jokatuko dute emakumezkoen artean aurrenekoa, eta Andy Roddick estatubatuarrak eta Roger Federer suitzarrak gizonezkoen artean lehenengoa.
Vaidisova izan zen atzo finalerdietarako txartela lortzen lehenengoa. Lucie Safarova herrikidea izan zuen kontrario, baina ez zion aparteko lanik eman (6-1 eta 6-4). Mauresmo azken txapelduna kanpora utzi duelako nabarmendu da Safarova aurtengo Australiako Irekian, baina lehen setean birritan galdu zuen sakea, eta alde handiegia izan zen hori gero ihes egiten utzitakoa berreskuratzeko. Vaidisovak 17 urte besterik ez du, eta Roland Garroseko finalerdietaraino iritsi zen iaz. Balentria berbera egin du aurten, eta pista azkarrean hark baino eskarmentu handiagoa duen kontrarioa izango du hurrena aurrean: Serena Williams. Berpiztu baita Williams ahizpen artean gazteena. Bi urte daramatza bururik altxatu ezinda, min hartuta batean eta tenisaz kanpoko jardunarekin itsututa bestean. Asentatu dela dirudi. Grand slam bateko finalerdietan ariko da aspaldiko partez -2005. urtean aritu zen azken aldiz-, eta finala ere ez du aurten urruti izango -2003an eta 2005ean irabazitakoa da-. Shahar Peer israeldarra utzi zuen atzo kanpora (3-6, 6-2 eta 8-6). Ez zen batere partida erraza izan, are gehiago hirugarren setean jokalari israeldarra 6-5 aurretik eta sakearekin zela kontuan hartuta. Bere garairik onenetan bezala, zirkinik ere ez zuen egin Williamsek eta hiru joko irabazi zituen jarraian.
RODDICK, AKATSIK EGIN GABE. Batean bale eta bestean kale ibiltzen denaren fama badu Andy Roddick estatubatuarrak, baina aurtengo Australiako Irekian balekoak dira harenak. Mardy Fish lagun mina izan zuen atzo kontrario, eta gupidarik gabe hartu zuen mendean (6-2, 6-2 eta 6-2). Joko freskoa du Roddickek: ohi bezain sake bortitza eta ohi baino kale gutxiago -behartu gabeko bi baino ez atzo-. Kontrario beldurgarria ari da bihurtzen edonorentzat, eta horregatik sortu du finalerdietako haren hurrengo partidak horrenbesterainoko ikusmina: Roger Federerren kontra ariko da. Tommy Robredo kataluniarrari irabazi zion atzo suitzarrak (6-3, 7-6 eta 7-5). Lan asko egin behar izan zuen munduko tenislari onenak aurrera egiteko. Gakoa, Robredok berak emana: «Beste inor iristen ez den tokira iristen da, bueltatu, eta pilota zailak jarri».
Finalerdietara iristen lehenak
Vaidisovak, Serena Williamsek, Roddickek eta Federerrek egin dute azken-aurrekorako urratsa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu