Finalerdietarako bidean

Itxakok aurrera egingo du Txapeldunen Ligan larunbat honetan Lizarran Krimi irabazten baldin badio

Ambros Martin, Itxakok Lizarran Oltchimen aurka lortutako garaipena ospatzen. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Iruñea
2011ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Hirugarrena. Itxakok hirugarren garaipena lortu du Txapeldunen Ligako bigarren ligaxkan, eta sendo jarraitzen du A multzoko lehen postuan. Sei puntu baditu jada, partida bakarra galdu baitu orain arte.

Igandean Errumanian aritu zen Lizarrako taldea. Kosta egin zitzaion Oltchim mendean hartzea, baina irabazitako puntuei esker, Txapeldunen Ligako finalerdietarako sailkatzeko urrats garrantzitsua egin zuten. Oreka handiko partida izan zen Itxakoren eta errumaniarren artekoa, baina azken txanpan Ambros Martinen jokalariak hobeki aritu ziren. Hobeki egin zioten aurre presioari, eta 22-25 nagusitu ziren markagailuan. Bertze behin, Silvia Navarro atezainaren lana erabakigarria izan zen. Erasoan, berriz, Begoña Fernandez izan zen gehien nabarmendu ziren jokalarietako bat. Ederki asmatu zuen azken minutuetan aurkariaren defentsa zulatzen, hain garrantzitsuak diren puntuak eskuratzeko.

Datorren larunbatean, Esloveniako Krim Mercator hartuko du Itxakok Lizarran. Krimen aurka galdu dute nafarrek, hain zuzen ere, bigarren ligaxkako partida bakarra. Lehendabizikoa izan zen, eta 30-26 nagusitu ziren Esloveniarrak norgehiagoka hartan. Errebantxarako aukera eta gogoa izanen dute Lizarrako jokalariek, zalantzarik gabe. Garaipenak, gainera, finalerdietarako sailkapena emango lioke Nafarroako taldeari.

Denboraldia hasi zenean, Itxakoko entrenatzaile Ambros Martinek argi eta garbi erran zuen Europan aurrera egiten jarraitu nahi zuela taldeak. Aurreko sasoian lehiaketa horretarako sailkatu zen Itxako lehendabiziko aldiz, baina lehen fasea gainditzeko gai ez ziren izan nafarrak.

Oraingo sasoian izan dute bigarren aukera, eta ederki ari dira profitatzen. Bere multzoko buru sailkatu zen Itxako orain jokatzen ari diren bigarren ligaxkarako. Eta bigarren ligaxkan ere, bidea porrot batekin hasi bazuen ere, sendo ari da aurrera Lizarrako taldea.

Txapeldunen Ligatik at ere, ongi ari dira Ambrosen jokalariak lanean. ABF ligako buru dira nafarrak, eta, duela egun gutxi, Espainiako Kopako txapela jantzi zuten, bigarrenez. 2009ko maiatzetik Itxakok lortu duen zazpigarren txapela izan da taldeak lortutako azkena.

Konfiantzarekin

Azken bi urteotan Itxakok lortu duena ez du edonork lortzen. Nafarroako taldeak urte luzez egindako lanaren emaitza da, halere, orain jasotzen ari dena. Eta muga non dagoen erratea zaila da.

Txapeldunen Ligako bigarren ligaxkarako sailkatu izana saria bazen Itxakoko kideentzat, orain jokatzen ari diren fasea hasi zenean. Orain, eskura dute finalerdietarako sailkatzea, eta aukera baliatzeko ahalegin berezia eginen dute Ambrosen jokalariek. Zalantzarik ez da. Europan aurrera egin nahi zutela azpimarratu, eta hitza betetzen ari dira.

Konfiantzarekin ari da Itxako. Eta hori da nafarren jokoaren eta emaitzen gako nagusietako bat. Larunbatean Krim Mercatorren aurka izanen du Lizarrako taldeak Txapeldunen Ligako finalerdietarako bertze urrats bat egiteko aukera. Aukera profitatzen badu, funtsezko garaipena lor dezake Lizarrako taldeak bigarren ligaxka gainditu eta finalerdietarako txartela eskuratzeko. Aurretik, baina, ABF ligako partida du zain. Nafarrek Monovarren (Herrialde Katalanak) jokatuko dute gaur, 20:30ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.