Baskonia 87-86 Unicaja

Finalerdietarako sailkatu da Baskonia

Luzapenean irabazi dio Unicajari (87-86) ACB ligako azken faseko laugarren jardunaldian, partida galtzeko arrisku handia pasatu eta gero. Erabakigarria izan da aulkiko jokalarien ekarpena, 40 puntu egin baitituzte. 

Baskoniako jokalariak garaipena osapatzen. MIGUEL ANGEL POLO / EFE
Aitor Manterola Garate.
2020ko ekainaren 23a
18:02
Entzun

Bitan berpiztu da gaur Kirolbet Baskonia, eta horri esker irabazi dio Unicajari (87-86). Luzapenean lorturiko garaipen horri esker, esku-eskura geratu zaio ACB ligako finalerdia jokatzea, eta ordu batzuk geroago gauzatu da hori, Joventutek galdu egin baituTeneriferen aurka. Joventuten aurkako partida falta zaio Baskoniari multzoen fasea bukatzeko; ostiralean izango da hori. 

Gorabehera handiko partida izan da gaurkoa, eta Baskoniak gora egin duen bakoitzean, aulkiko jokalarien ekarpenagatik egin du gora. Haiek eutsi diote taldeari, normalean puntu asko sartzen dituztenak apal ibili baitira alor horretan: 40 puntu sartu dituzte aulkikoek, ia talde osoaren erdiak. Lehen zatian, partida hausteko aukera izan du Baskoniak, gaizki hasi bada ere, 5-12 galtzen ibili delako lehen minutuetan. Baina lehen laurdeneko bigarren erdian irauli du emaitza txarra, eta berdinduta amaitu da (19-19). Bigarrenean eman dio kolpea Dusko Ivanovicen taldeak Unicajari, handiagoa eta erabakigarria izan bazitekeen ere. Atsedenaldirako zazpi minutu falta zirela, hamar goitik zen Baskonia, eta, bi minutu falta zirenean, hamabostena zen aldea (39-24). Erasoko erreboteak jasota, saskiratze asko sartu ditu, hamar izan baitira lehen zati osoan, baita hirukoetan ere, hamarretik zazpi barrura joan direlako. Unicajak hamahiru baloi galdu ditu, eta Baskoniak hamazazpi puntu sartu dizkio opari horiei esker. Espainiako taldeak baino hamabi jaurtiketa gehiago egin dituzte euskal herritarrek. Hala ere, 11 punturen aldea baino ez du eraman Baskoniak aldagelara, aurkariak azkenera hiruko pare batekin aldea murriztu diolako. 

Bigarren zatian, indar gutxi eta asmatu gutxiago

Unicajak erabat eta azkar aldatu du partida bigarren zatiaren hasieran. Lau minutu nahikoa izan ditu aurretik jartzeko (44-45). Baskoniaren lehen zatiko ezaugarri onak azkar desagertu dira hirugarren laurden horretan: hirukorik ez du sartu, eta erasoko errebote bakarra hartu du. Gainera, Alberto Diaz joko antolatzailea berebiziko partida egiten hasi da, eta Unicajak bi goitik ekin dio laugarren laurdenari (54-56). Partzial handia jaso du Baskoniak hamar minutu horietan: 10-23. 

Indarra galtzen hasi da Ivanovicen taldea, eta defentsako lanari lehen zatiko oldarkortasuna kendu dio horrek. Erasoan ere saskiratzeak ez sartzen hasi da, eta oso deigarria izan da Tornike Xengeliak lan horretan eginiko ekarpen mehea: bederatzi puntu baino ez ditu sartu, eta hamalau saiakeratik hiru baino ez ditu bota saski barrura. Gabeziak gabezia, partidan sartuta egon da Baskonia, eta 68-67 aurretik zen hiru minuturen faltan. Baina hortik aurrera Unicajak hartu du agintea, eta 70-75 aurreratu da 1.30 minutu falta zirela partida amaitzeko. Eskuan izan du partida Unicajak, baina, jaurtiketa libre batzuk eta saskiratze erraz bat hutsegiteagatik, arabarrek luzapena behartu dute partida handia egin duen Achille Polonararen bidez (bederatzi puntu eta zazpi errebote). 

Luzapenean, Baskonia ondo hasi da, eta, Pierria Henryren hiruko batekin, 83-80 aurreratu da bi minutu falta zirela. Baina Axel Boutelle azaldu da segituan, eta hiruko batekin berdindu egin du. Xengeliak kale egin eta gero, eskolta frantziarrak beste hiruko bat sartu du, 45 segundo falta zirela. Berdin erantzun dio Henryk, eta, ondorengo erasoan, Boutellek huts egin du beste hiruko batean. 86na zeuden, bost segundo geratzen ziren, eta Baskoniak kontraerasoa atera du. Polonarari falta egin diote, eta, 1,4 segundo falta zirela, bigarren jaurtiketa librea bakarrik sartu du. Azkeneko jaurtiketa egin ere ez du egin Unicajak, Henryk zapuztu dielako aukera, bukaerako lana biribilduz; denera, hamalau puntu sartu ditu joko antolatzaile estatubatuarrak: taldeko onena izan da horretan. Azkenean, 87-87 nagusitu da Baskonia, eta, bi urtean bigarren aldiz, ACBko finalerdietan izateko aukera handiak dauzka. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.