HELSINKI 3. ATHLETIC 3

Finlandian ere, zaharrak berri

Athletic sailkatu da Europako Ligara, baina defentsako gabeziak agerian utzi ditu talde apal baten aurka

haritz gallastegi
Bilbo
2012ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Gola: 1-0: Schuller (24. min.); 2-0: Perovuok (62. min.); 2-1: San Josek (66. min.); 3-1: Pohjanpalok (68. min.); 3-2: Toquerok (77. min.); 3-3: Igor Martinezek (88. min.). Epailea: Alan Kelly (Irlanda). Txartel gorria Helsinkiko Pelvasi (80. min.); txartel horiak Athleticeko Muniaini eta De Marcosi. Bestelakoak: 3.000 zale inguru estadioan, artean Athleticeko batzuk.

«Lagunarteko ofiziala» izan zitekeen HJK Helsinkik eta Athleticek Finlandiako Sonera Stadiumean jokatutako norgehiagokaren titularretako bat. Izan zitekeen eta neurri handi batean hala izan zen. Ofiziala izan zen UEFA-k antolatutakoa izan zelako. Epailea irlandarra zelako eta kanporaketa izanik, jokoan zegoelako gaur eguerdian Monakon egingo den zozketarako txartela. Baina, era berean, lagunartekotik ere asko izan zuen. Batetik, Athleticek erabakita utzi zuelako kanporaketa San Mamesen jokatutako neurketan. Bestetik, talde finlandiarrak hasieratik onartu zuelako ez zeukala zereginik. Aurrera egitea mirariaren hurrengo izango zela, alegia.

Bazirudien nahikoa zutela Pitxitxiren bustoaren aurrena lore eskaintza egitearekin.Guzti horrek, tentsioa kendu dio kanporaketari. HJK Helsinkiren proposamena izan da talde bakoitzak dakiena erakusten ahalegintzea. Eta, hala, jakinekoa zen zein taldek egingo zuen aurrera. Zortekoa Athletic egun dagoen egoeran maila horretako aurkari bat egokitu zaiolako. Talde hobeagoa egokituko balitzaio…. Auskalo!

Athleticek merezita utzi du kalean talde finlandiarra. Bi partidak kontuan hartuta 9-3irabazi du. Baina azken emaitza ezin da aitzakia gisa erabili Athleticek egin duen jokoa justifikatzeko. Atzo Sonera Stadiumean eman zuen itxura hiru egun lehenago Vicente Calderonen erakutsitakoa bezain kezkagarria izan zen. Athleticek arazo handiak dituela islatzen dute asteon jokatu dituen partida biek.

Kanporaketa erabakita zegoela baliatuz, taldean pisu handia duten futbolariei atsedena eman eta gazteen aldeko apustua egin zuen Marcelo Bielsak. Astero jokatzen dutenez gain, atzetik zer daukan ikusteko aukera ona zuela pentsatu zuen entrenatzaile argentinarrak. Bada, atzokoaren ostean, kezkatutako egiteko arrazoiak ditu. Talde gaztea zelairatu zuen Athleticek. Bataz beste 21 urte pasatxokoa. Eta behetik bultzaka datozenek ere orain arte ohikoek erakutsi dituzten gabezia bertsuak agertu zituzten maila apala duen talde baten etxean.

Bi hitzetan esanda, Athleticek erasoan gol sen gutxi eta defentsako lanean gabezia handiak ditu. Lehen zatian txukun aritu ziren lehoiak. Baloia jokoan jarri bezain pronto hartu zuten aginte makila. Jokoan zuen nagusitasuna baliatuta, erraz ailegatzen zen Wallen atezainaren area ingurura. Baina gerturatzea ez da nahikoa. Arlo horretan gabezia asko ditu Athleticek. Azken pasean eta errematean ezina erakutsi zuten atzokoan ere. Dozena erdi aukera on izan arren, Toquerok, Muniainek, Ibaik eta enparauek ez zuten arriskurik sortu.

Kontrola txarra ez zenean errematea zen eskasa eta horrela ezinezkoa da golak sartzea. Iñigo Ruiz de Galarreta izan zen aukera aprobetxatu zuen bakarra. Indarrak agortu bitartean, asko hartu zuen parte jokoan. Ezkerrez langara ere jaurti zuen lehen zatia amaitzear zela. Ordurako Zeneliren jokaldi on batek lotsagarri utziak zituen zuri-gorriak. Schullerrek baliatu zuen esker hegaleko dohatsuaren jokaldia etxeko taldea aurreratzeko.

Bigarren zatia aurrenekoa baino kezkagarriagoa izan zen. Athleticek hiru gol sartu zituen —San Josek, Toquerok eta Igor Martinezek—, baina joko txarragoa eginda. Bielsak hiru aldaketa egin zituen eta taldeak lekua galdu zuen. Konfiantza eta oldarkortasuna barik aritu ziren lehoiak. Athleticek berdindu egin zuen, hiruna, baina porrot mingarri baten aho zaporea utzi zuen norgehiagokak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.