'Osasuna auziko' fiskalak erabaki du Angel Bizkai Osasunako kudeatzaile ohiaren aurkako zigor eskariak jaistea. Epaiketaren ondorioetan azaldu duenez, bortz urte eta 11 hilabeteko espetxe zigorra eskatuko du Bizkairen aurka, hasieran eskatzen zuen hamalau urtetako espetxe zigorra eskatu beharrean. Fiskalak hiru aringarri aipatu ditu erabaki hori justifikatzeko: epaiketa «bidegabe» gibelatu izana, eta «aitortza eta kolaborazioa». Gainerako akusatuentzat mantendu egin ditu zigor eskaerak, baina zehaztu du, Bizkairen kasuan bezala, epaiketa gehiegi gibelatu delako aringarri hori ezarri beharko litzaiekeela.
Guztira 11 lagun epaitzen ari dira Nafarroako Auzitegi Nagusian: Osasunako zuzendaritzako sei kide ohi —Miguel Artxanko presidente ohia, Bizkai, Txuma Peralta, Juan Pascual, Sancho Bandres eta Diego Makirriain—, Betis taldeko hiru jokalari ohi —Xavi Torres, Antonio Amaya eta Jordi Figueras—, eta higiezinen enpresa bateko bi agente —Albert Nolla eta Cristina Valencia—. 2013an eta 2014an bi futbol partida erosi izana leporatzen diete.
Fiskalak 11 akusatuei egotzi die kirol ustelkeria eta kontuak faltsutzea. Makirriain ez bertze Osasunako zuzendaritzako bortz kideei, berriz, funtsez bidegabe jabetzearen delitua gehitu die.
Joan den urtarrilaren 20an hasi zuten epaiketa, Iruñean, eta azken txanpan sartu da aste honetan.