Xabi Alonso futbol jokalari ohiaren aurka jarritako lehen kereilan, 2010., 2011. eta 2012. urteetan Ogasunari iruzur egin izana leporatu zion fiskaltzak, baina absolbitu egin zuten; bigarrenean, berriz, egotzi zioten 2013ko jardunaldian ustez 57.008 euroko iruzurra egin izana. Ministerio Publikoaren kereila hori instrukzio fasean dago. Orain, 2014ko denboraldia ikertzen ari dira; fiskaltzak leporatu dio 840.017 euro ordaintzea saihestu zuela.
Alonsok epaitegira joan beharko du martxoaren 13an. Orduan ere, aurrekoetan bezala, kereila beste bi pertsonaren aurka ere jarri dute: Ivan Zaldua eta Ignasi Maestre zerga aholkularien aurka, hain zuzen.
Espainiako Zerga Agentziako txosten batetik abiatu da kereila. Txosten horren arabera, 2009ko abuztuaren 1ean Alonsok kontratu bat sinatu zuen, eta «itxuraz» haren irudi eskubideak utzi zizkion Kardzali izeneko sozietate bati. Sozietate horrek Medeiran zuen egoitza (Portugal), eta zerga salbuespena zuen han, 2012ra arte.