Foronda eta Lopez lehen finalistak

Partida gogorra jokatuta eta Olha eta Irastorza gaindituta lortu dute irabazleek ostiraleko finalerako sailkatzea

enekoitz telleria sarriegi
2009ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Abiaduraren aitzakian sortutako kirola da, besteak beste, zesta-punta. Munduko kirolik azkarrena dela iragarriz bete izan ditu frontoiak mundu osoan, eta berriz ere betetzeko moduko argudioak badituela argi gelditu zen atzo Durangon. Munduko Pilota Batzarrak antolatu duen txapelketako partidarik ikusgarri eta dotoreena jokatu zuten Foronda-Lopezek eta Olha-Irastorzak.

Lopez eta Irastorza dira egun zesta-puntak dituen bi atzelari indartsuenak. Itxuraz dira jada ikusgarriak -bi metro luze dira biak-, baina jokoz dira oraindik ikusgarriagoak. Joa dute bortitza eta indarra freskoa. Ez sinesteko moduko abiadura eman zioten atzo pilotari -200 kilometro orduko pilotakadak izan ziren-. Eta haien abiaduran bikain moldatzearen eta tantoak biribiltzearen meritua dute bi aurrelariek. Eska dakieke agian gehiago arriskatzea, baina pilota batetik bestera abaila horretan dabilenean zirrikitua topatu eta jokaldia egitea ez da erraza.

Lan eskerga eginda lortu zuten irabazleek erabakigarria zirudien aldea (33-26). Markinako finala gertu ikusi zuten une horretan Forondak eta Lopezek, baina urrutiratu egin zitzaien bat-batean. Kosta egin zitzaien norgehiagoka bukatzea, eta hazi egin ziren kontrarioak. Ongi irastorza atzean, eta bizi Olha aurrean. Lopezen jardunak, errebesak eta eskuinak gelditu zuen kontrarioen gorakada. Zumaiarra izan zen partidako onena. Partida biribila egin zuen, eta orain dagoen atzelaririk onena dela erakutsi.

Gaur jakingo dute Forondak eta Lopezek noren kontra ariko diren ostiraleko finalean. Egiguren II.a-Felix eta Lander-Alliez ariko dira beste finalerdian. Egiguren II.a eta Felix dira faboritoak, orain arte jokatu dituzten partida guztiak irabazi dituztelako. Kontrarioek gorabehera gehiago izan dituzte, baina Alliezek asko jokatzen du Durangon.



Foronda-Lopez 35

Olha-Irastorza 33

Iraupena. 90 minutu.

Pilotakadak. 504.

Markagailua. 2-0, 4-1, 7-3, 8-4, 8-8, 14-8, 16-10, 18-13, 18-18, 23-18, 25-20, 25-22, 28-22, 30-24, 30-26, 33-26, 33-31, 34-31, 34-33 eta 35-33.

Bestelakoak. Ikusle dezente Durangoko Ezkurdi pilotalekuan. San Fausto jaietan daude, bete-betean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.