Atzo gauean bildu ziren FOTA taldeak, FIAk egindako azken proposamena aztertu eta erantzun bateratua emateko. Renaultek Enstone-n duen lantegian lau orduz bilduta egon ostean, FOTAk erabaki zuen bere txapelketa propioa abiara araztea, FIAren azken proposamena onartezina jo ostean.
Taldeek bilera ondoren ateratako agirian, zera diote: "Talde hauek ez dute beren txapelketa berria hastea beste alternatibarik, partehartzeile eta bazkideen balioaren pareko egongo dena. Txapelketa honek gobernu transparentea izango du, arau joko bakarra, partehartzaile berriei bidea egingo die, eta jarraitzaleen nahiak entzungo ditu (mundu osoan ikusleentzat prezioak jaitsiz), baita babesleenak eta interesak dituzten aldeenak ere".
Gidari onenek beraien txapelketan parte hartuko dutela ziurtatu dute. Azken egunetan gidari batzuk beren taldeek hartutako bidea jarraituko dutela adierazi dute, haien artean Fernando Alonso eta Felipe Massa. Taldeek etsipena agertu dute FIAren jarrerarekiko, ez dituelako FOTAren ahaleginak ulertu.
"FOTA pasa den irailean sortu zenetik, taldeek elkarrekin egin dute lan, FIA eta eskubide komertzialen jabearekin batera kirola garatu eta hobetu nahian. Mundu mailako finantza krisiak erronka handiak jarri ditu 1 Formula komunitatearen aurrean. FOTA harro dago kirolak bere historia guztian kostuak murrizteko eginiko neurri sakonenak aurrera atera dituelako".
Baina hori guztia FIAk pikutara bota omen du, entzungor eginez eta taldeak banatzeko intentzioa agerian utziz: "FIAk eta eskubide komertzialen jabeak FOTA banatze aldera egin dute. Talde gehienen asmoak alde batera utzi dituzte. Horrez gain, eskubide komertzialen jabeak 2006 urteadanik hamarnaka milioi dolar kendu dizkie taldeei. Hala eta guztiz ere, eta testuinguru zail honetan, FOTAk beti konpromezuaren alde egin du".
Honek ez du akordiorako aukerarik uzten apenas, eta litekeena da FIAk gaur talde hauek 2010ko zerrendatik kendu eta talde berri gehiago sartzea. Hala ere, Ferrari, Toro Rosso eta Red Bull segurutzat jo zituen FIAk txapelketan, sinatuta dituztelako kontratuengatik. Hauek FOTA barruan daudenez, ikuskizun dago non izango diren azkenean.
FIAk gaur goizean adierazi duenez, ostiral osoa izango dute taldeek azken erantzuna emateko, eta bihar, larunbatean, emango du behin-betiko zerrendaren berri.
1 Formula
FOTA taldeek txapelketa propioa abiaraziko dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu