A Multzoa

Frantzia, kalera

Berriro galdu egin du Munduko Kopako egungo txapeldunordeak. Hegoafrika ere ez da sailkatu. Uruguaik bukatu du multzoan aurrena, Mexikok bigarren.

2010eko ekainaren 22a
16:27
Entzun
"Mundu guztia gure bizkar barre egiten ari da" esan berri du Ribery Frantziako jokalariak, eta egoera aldatzeko ez dute ezer egin berak eta bere selekzioko kideek, Hegoafrikako Munduko Kopatik kanpo geratu baitira. Ez dute partidarik irabazi lehen fasean; bi galdu, bat berdindu. Gaur 1-2 galdu dute etxekoen aurka, Hegoafrikakoen aurka. Irabazi beharra zuten, eta Uruguai-Mexikon zer gertatzen zen zain egon.

Itxurarik ez irabazteko, ordea. Lehen zatia amaitu baino lehen 0-2 galtzen zihoan eta, gainera, Gourcouff Frantziako erdilariak txartel gorria ikusi du lehen zatiaren erdialdera.

2006ko mundialean txapeldunorde izan eta Zidane erretiratu zenetik, burua altxatu ezinda dabil Frantzia. Hegoafrikara ozta-ozta sailkatu zen, eta oso gaizki aritu da txapelketan.

"Hautatzaile berriarekin dena konponduko da, ziur nago", zioen atzo Zidanek. Dena hori balitz bezala. Jokalari bikainak ere izan behar dira.

"Ez dut azalpenik", esan du Domenech hautatzaileak partidaren ondotik. "Maite dut selekzioa. Garai bikainak eduki izan ditu Frantziak eta gero ere izango ditu; potentzial handia dago". Laurent Blanc izango da haren ordezkoa aulkian.

Hegoafrika ere ez da sailkatu, eta aurreneko aldia txapelketa antolatzen duen herrialdeko selekzioa lehen fasea ezin gaindituta geratu dela. Gol aldeagatik gelditu da kanpoan: lau puntu lortu ditu baina goletan -2 bukatu du, eta Mexikok lau punturekin eta +1.

Frantzia 1. Lloris, Sagna, Gallas, Squillaci, Clichy, Diarra (Govou, 82m), Diaby, Gignac (Malouda, 46m), Gourcouff, Ribery, Cisse (Henry, 55m).

Hegoafrika 2. Josehps, Ngcongca (Gaxa, 55m), Mokoena, Khumalo, Masilela, Pienaar, Sibaya, Khuboni (Modise, 78m), Tshbalala, Mphela, Parker (Nomvethe, 68m).

0-1: Khumalo (20m). 0-2: Mphela (37m). 1-2: Malouda (70m).

Uruguai sendo

Erraza zuten Uruguaik eta Mexikok azken partidan, elkarren aurkakoan: berdindu eta biak aurrera. Frantzia eta Hegoafrika kalera hala. Baina zaila ere bazuen Mexikok: berdinduz gero, seguruenik Argentina aurkari final-zortzirenetan. Beraz, zer egin: partidaren bila joan?; eta arriskatu eta galduko balu eta Frantziak edo Hegofrikak gol askogatik irabaziko balute?

Galdu egin du, baina gol aldeak salbatu du. 0-1 nagusitu da Uruguai, eta A Multzoko lider amaitu du eta Hego Korea izango du arerio final-zortzirenetan. Sendo aritu da lehen fasean: estreinakoan ongi eutsi Frantziari eta jo hurrengo bietan. Mexiko bigarren geratu denez, Argentinaren kontra ariko da final-zortzirenetan.

Mexiko 0. Perez, Rodriguez, Marquez, Osorio, Salcido, Moreno (Castro, 55m), Torrado, Guardado (Barrera, 46m), Giovani, Blanco (Hernandez, 62m), Franco.

Uruguai 1. Muslera, Lugano, Fucile, Victorino, Pereira, Pereira (Scotti, 76m), Perez, Arevalo, Cavani, Suarez (Fernandez, 85m), Forlan.

0-1: Suarez (43m).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.