Frantzia larri, Errusia eroso

Azken laurdenean eman dio buelta partidari Frantziak, eta Kirilenko izan da onena Errusiaren lehian

Andoni Urbistondo.
Donostia
2011ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Espainia, Mazedonia, Frantzia eta Errusia. Horiek finalerdiak jokatuko dituzten lau selekzioak. Frantziak Grezia utzi zuen bazterrean, azken laurdenean dotore jokatuta, eta Errusiak ere komeria dezente izan zuen Serbiari dominen bidea ixteko: 77-67.

Frantziak gauza asko egin zituen gaizki lehen zatian, baina ia dena ondo azken laurdenean, eta 64-56 menderatu zuen Grezia. Hobeto hasi zen Grezia, defentsa zorrotzarekin, erasoan asmatuz. Fotsisen hirukoak 4-15koa jarri zuen markagailuan. Parker ondo zaindua zuen Nick Calathesek, eta Diaw, Batum eta Joakim Noah nahi eta ezin ari ziren. De Colo kantxaratu behar izan zuen Collet hautatzaileak, finalaurrekoak ihes egin ez zezan (14-21 bigarren laurdenaren hasieran), eta joko antolatzaileak zazpi punturekin erantzun zuen (21-21).

Jaiki egin zen Grezia, eta 27-31 aurreratu atsedenaldian. Partida haustear ere egon zen, 24. minutuan 33-40koa jarriz, baina orduan Frantziako izarrak agertu ziren. Batumek, berotzen hasi, eta bi hiruko eta bi puntuko beste saskiratze bat lortu zituen Greziaren kemena itotzen hasteko. Saiatu ziren greziarrak, baina Parkerrek suspenserik ez zuela nahi erabaki, eta hiru saskiratze ikusgarri lortu zituen jarraian: 56-50 bleus-entzat. Sei minutu luze geratzen ziren, baina akabo. Grezia alferrik tematu zen hirukoekin.

Errusia eta Serbiaren artekoa errusiarren defentsa erakustaldia izan zen. Garaiak eta beso-luzeak dira David Blattek zuzentzen dituenak, eta Serbiaren saskiratze eta pase oro zaildu zuten. Hainbeste, Serbiako Teodosicek bederatzi baloi eman zituen. Beti joan zen aurretik Errusia. Serbia bi puntura hurbildu zen hirugarren laurdenean, 50-48, baina Kirilenkok aginte makila hartu, eta finalaurrekoetara eraman zuen bere selekzioa (12 puntu, 11 errebote eta sei asistentzia).

Espainia faborito argia

Atzoko garaileen arteko finalerdia eguneko bigarrena izango da, lehena Mazedoniak eta Espainiak jokatuko baitute (16:30). Mazedoniak etxeko lanak eginda dauzka, baina finalean sartu nahi du. Espainia, ordea, aurkari aski zaila da, defentsan Mazedonia bezain ona baita. Ez dirudi, halere, McCalebb, Ilievski, Antic eta beste beste ezusteko bat emateko gai izango direnik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.