Espainiak eta Frantziak jokatuko dute Europako saskibaloi txapelketako final handia. Bi selekzio horien arteko bigarren partida izango da, baina lehena, pasa den astelehenean jokatutakoa, ez zen partida izan. Frantziak uko egin zion garaipenari, kanporaketa errazagoak bilatzeko, eta bere helburua lortu du: Espainiaren aurka serio finalean bakarrik jokatzea. Errusia menderatu zuen horretarako, 79-71. Espainiak ere etxeko lanak egin zituen, eta Mazedonia 92-80 menderatu.
Espainiak hirugarrenez jokatuko du jarraian Europako saskibaloi txapelketako finala. Espainiakoa jokatu zuen, 2007an; Poloniakoa bi urte atzera; eta bihar Lituaniakoan ariko da. Aurreikuspenak bete, eta 92-80 menderatu zuen Espainiak Mazedonia, txapelketa dotorea egin duen selekzioa. 12 puntuko aldea erakusten du markagailuak, baina Mazedoniak denek espero baino askoz gehiago behartu zuen Espainia, eta 15 minuturen faltan bakarrik eman zuen amore.
Juan Carlos Navarroren erruz eman ere. Bartzelonako eskoltak metro erdiko tartea emanez gero geldiezina dela erakutsi zuen hamaikagarrenez, eta 19 puntu sartu zituen laurden bakarrean, hirugarrenean. Orduan lortu zuen bederatzi puntuko aldea Espainiak, eta azken hamar minutukoan tentuz kudeatu zuen alde hori, Mazedoniakoen kemena jokaldiz jokaldi apalduz. Puntu gutxiko finalerdia espero zen, baina Mazedoniak Espainiak gustuko duen joko azkarrean ere ondo moldatzen dela erakutsi zuen.
Pero Anticek hiru hiruko sartu zituen, Ilievskik 11 puntu, eta Bo McCalebbek beste dozena bat. Aurretik zen Mazedonia atsedenaldian, puntu bakarragatik, eta Espainiari mezu argia bidali zion: apalak gara, baina ez herrenak. Navarrok, ordea, fededunetan fededudena hausten du, eta Navarroren zenbakiei Pau Gasolen 22 puntu eta 17 errebote, edo Marc anaiaren 11 puntu, 10 errebote eta bost asistentzia gehituz gero, jai dago. Espainiak jokalari sorta bikaina duelako. Brontzea lortzen ahaleginduko da bihar Mazedonia, Errusiaren aurka.
Kirilenko bakarrik egurrean
Errusiak oso garesti saldu zuen bere porrota, baina Andrei Kirilenkok bakarrik eman zuen neurria, 22 puntu saskiratuta. Mozgov, Khryapa , Monia eta Xved ez ziren orain arte bezain fin ibili, ez zielako Frantziak utzi, eta ezinean aritu zen Errusia. Ezinean Parker eta Batumen eman handiarekin. Joko antolatzaileak 22 puntu saskiratu zituen, eta hegalekoak hiru gutxiago, 19. Bi izarrez gain, lan txukuna egin zuten Joakim Noah eta Ali Traore pibotek. Lehenak, errebote garrantzitsuak berreskuratuta (zortzi denera). Bigarrenak, une erabakigarrietan saskiratze garrantzitsuak lortuta. Lehen zati bukaeran zortzi puntuko aldea ireki zuen Frantziak, eta bigarrenean, gutxi-asko, maisuki eutsi zion alde horri, finalerako txartela lortzeko.
Frantziak finalean bakarrik nahi zuen Espainia ahaltsua
Mazedoniak lan bikaina egin eta asko behartu du Espainia; Parker eta Batum bikain aritu dira, Errusia kanporatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu