Frantziak 12-19 irabazi dio Ingalaterrari gaur Munduko Errugbi Kopako final-laurdenetan, eta Galesen aurka jokatuko du finalerdietan, zazpi egun barru. Galesek Irlandari irabazi dio goizean (12-22), eta gaurko partidak irabazi dituztenetako bat izango da Ipar Hemisferioaren ordezkari finalean. Izan ere, final-laurdenak osatuta geratu ziren moduan, hemisferio bakoitzeko selekzio bat izango dira finalean.
Lehen zatian erabaki du partida Frantziak. Bi entsegu egin dituzte, bat Clercek eta bestea Medardek, eta Yachvilik zigor kolpe bana hagetara sartuta, 0-16 jarri dira aurretik. Bigarren zatian Fodenek bi entsegu egin ditu eta 12-16 gerturatu da Ingalaterra, baina ingelesak azken minueuetan presio handia egin duten arren, zigor kolpe batekin ziurtatu dute frantziarrek txartela.
Galesek defentsako lanarekin kanporatu du Irlanda, eta irlandar belaunaldi baten ametsa zapuztu du; beste behin, finalerdietara iritsi gabe esango dio Irlandak Munduko Kopari. O'Driscoll eta O'Gararen belaunaldiak grand slam-a irabazi zuen orain hiru urte Sei Nazioetan, baina horiekin ere ezin izan du Irlandak aurrera egin. Galesek Phillips izan du gidari, eta partida amaitzeko ordu erdi falta zela behera egin dute irlandarrek.