laburrak, esanak, datuak

Frantziako Federazioko presidenteak dimisioa eman du

2010eko ekainaren 28a
00:02
Entzun
LABURRAK

- Frantziako Federazioko presidenteak dimisioa eman du. Jean Pierre Escalettes Frantziako Futbol Federazioko presidenteak asteburuan adierazi zuen ez zuela kargua uzteko asmorik, herrialdeko selekzioa lehen fasean kanpoan geratu den arren, baina gaur dimisioa eman du, "gogoeta egin ondoren". 2005etik zegoen karguan. Federazioko zuzendaritzan, berriz, 1985etik.

- Anticek segitu egingo du Serbian. Radomir Anticek gaur jakinarazi du Serbiako hautatzaile izaten jarraituko duela, nahiz eta selekzioak ez duen gainditu mundialeko lehen fasea. 2012ra artean egongo da Serbiako aulkian, eta itxaropentsu dago, taldearen batez besteko adina 26 urtekoa delako eta "etorkizunerako oinarri ona" delako hori.

- Jokaldi polemikoetarako bideoa epaileak? Carlos Tevez argentinarrak garbi-garbi jokoz kanpo zela sartu zuen Mexikoren aurka gola final-zortzirenetan, eta Frank Lampard ingelesak garbi-garbi gola egin zion arren Alemaniari -baloia ate barruan sartu zen nabarmen-, epaileak ez zuen ontzat jo. Hori dela-eta, gero eta jende gehiago ari da esaten halako kasuetarako epaileak bideoa erabili beharko lukeela.

- Kobe Bryant Hegoafrikan da partidak ikusten. Kobe Bryant Los Angeles Lakerseko saskibaloi jokalari eta NBAko izarra Hegoafrikan dago egun hauetan. Iragarki bat grabatzera joan da, baita futbol partidak ikustera ere, zalea baita. Txikitan Italian futbolean jokatu zuen. Didier Drogba Boli Kostako eta Chelseako aurrelaria du gustukoen. Mundialeko selekzioen artean, berriz, Brasil; gaur gauean Brasil-Txile ikusiko du.

ESANAK

- Manuel Neuer (Alemaniako atezaina). "Seguru nengoen Lamparden jaurtiketan baloia ate barruan sartu zela, baina segituan atera nuen baloia, eta horregatik egin zuen huts epaileak".

- Fabio Capello (Ingalaterrako hautatzailea). "Akatsak egin ditugu baina handiena, epaileak".

- Carlos Tevez (Argentinako jokalaria). "Horrelako partida bat behar nuen. Gosea daukat".

- Samuel Inkoom (Ghanako jokalaria). "Txapeldun izan gaitezke. Familia bat gara eta horregatik jarraitzen dugu irabazten".

- Carlos Salcido (Mexikoko jokalaria). "Txapeldunen zortea falta zaigu".

- Luis Aragones (Espainiako selekzioko hautatzaile ohia). "Portugalek Espainiari baloiaren jabetza kentzen badio, nahikoa eroso irabaz dezake".

- Javi Martinez (Espainiako selekzioko jokalaria). "Alonso ez bada osatzen, jokatzeko prest nago ni. Bizitza osoa nago une honen zain".

- Diego Milito (Argentinako jokalaria). "Rooney Messirekin alderatzeak barregura ematen dit".

- Harry Kewell (Australiako jokalaria). "Selekzio handiak ez dituzte zigortu epaileek, txikiak bai".

DATUAK

- Klose, mundialetako laugarren golegilea. Miroslav Klose Alemaniako aurrelariak gol bat sartu zuen Ingalaterraren aurka, eta dagoeneko Munduko Kopetan hamabi daramatza. Laugarren postuan jarri da, Pele brasildar jokalari ohiarekin batera. Brasilgo beste jokalari ohi bat dago aurreneko tokian: Ronaldo, hamabost golekin. "Hankek uzten didaten bitartean, futbolean jokatzen segituko dut", esan du Klosek. Selekzioarekin 99 partidatan aritu da eta 50 gol sartu ditu. 32 urte dauzka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.