Frantziako Poliziak miaketa bat egin zuen bart gauean Bahrain taldeko txirrindularien hotelean, Pauen. Cyclingnews atariak kaleratu du informazioa, eta taldeko ordezkariek baieztatu egin dute. Movistar taldea ere hotel berdinean ari zen ostatu hartzen, baina ez zituzten arakatu haien logelak.
«17.etaparen ondoren, Frantziako hainbat polizia etorri ziren. Ez ziguten irakurtzeko ordenarik eman, baina taldeak eskaera guztiei erantzun zien», esan du, gaur goizean, Vadimir Miholjevic Bahrain taldeko zuzendari teknikoak.
Profesionaltasun maila altuenarekin «konprometituta» daudela azpimarratu du, eta adierazi araudiaren baldintza guztiak betetzen dituztela. «Prozesuak eragina izan du gure ziklisten errekuperazioan eta otorduen planifikazioan, eta, talde profesional gisa, funtsezko lehentasuna da gure taldearen ongizatea».
Ez dituzte jakinarazi miaketaren arrazoiak.