Ingalaterra 12. Frantzia 19

Frantziako selekzioa esnatu da

Orain arte erdi lo aritu ondoren, frantziarrak finalerdietarako sailkatu dira Ingalaterraren aurka irabazita

Eneritz Zabaleta.
Baiona
2011ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Ingalaterra. Stevens (Corbisiero, 50. min.), Thompson (Hartley, 53. min.), Cole (Stevens, 63. min.); Deacon (Shaw, 50. min.), Palmer; Moody (kap.) (Haskell, 63. min.), Easter, Croft (Lawes, 47. min.); Youngs (Wiggleswoo, 65. min.), Wilkinson (Banahan, 65. min.); Cueto, Flood, Tuilagi, Ashton; Fodden.

Frantzia. Poux (Barcella, 55. min.), Servat (Szarzewski, 55. min.), Mas; Pape (Pierre, 65. min.), Nallet; Dusautoir (kap.), Hariñordoki (Picamoles, 73. min.), Bonnaire; Yachvili (Trinh-Duc, 56. min.), Parra; Palisson, Mermoz (Heymans, 79. min.), Rougerie (Marty, 68. min.), Clerc; Medard.

Markagailua. 3-0; 6-0; 11-0; 16-0 (atsed.) 16-7; 19-7; 19-12.

Epailea. Steve Walsh.

Bestelakoak. 45.500 ikusle Aucklango Eden Park estadioan.

Frantziak egin du. Berriz ere. Denek peko errekan ikusten zituztenean, Marc Lievremonten jokalariak suspertu egin ziren, atzo, eta Munduko Kopako final-laurdenetarako sailkatu ziren, Ingalaterrari irabazita. 1987an Australiaren aurka eta 1999an eta 2007an Zeelanda Berriaren aurka gertatu zen bezala, Munduko Kopan denek galtzaile ematen zutelarik, iragarpenak isilarazi eta partida irabazi zuten frantziarrek.

Orain arte gertatu ez zen bezala, Frantzia lanerako gogoz ikusi zen. Aitzinean gerra zin eman zioten Pape, Nallet edo Hariñordokik Ingalaterrari, eta hitza bete zuten. Baloiak irabazteko gogoz, eta dortoketan zein uztartze irekietan aitzinatzeko intentzioarekin zelairatu ziren Frantziako aitzinlariak. Defentsan, Bonnaire, Dusautoir eta Rougerieren lana azpimarratzekoa izan zen.

Grina eta adorea beharrezkoak izan ziren, partidaren hasieran Ingalaterra makinaria martxan ezartzen entseatu zelako. Baina frantziarrak ez ziren kikildu, eta aitzinean haien ondar aletxoa ezarri zuten, arrosaren hamabostekoa ziztada gabe uzteko.

Martin Johsnonen jokalariak faltak egiten hasi ziren, baina. Baloia frantziarren eskuetan zegoen, eta Yachvili-Parra bikoteak ederki kudeatu zuen nagusitasun hori. Miarritzeko uztartze erdiak frantziarren lehen puntuak sartu zituen bere zangoari esker: 6-0. Parrak bere jokoaren zientzia erakutsi zuen ere bai. Mermozekin hasitako jokaldia Vincent Clerc hegalekoak dotore bukatu zuen entsegua sartuz: 11-0. Munduko Kopako historiako entsegugile onenetan hirugarrena da dagoeneko Clerc. Ametsezko lehen zatia nagusitasun osoz bururatu zuen Frantziak, beste eraso batean Palisson eta Medarden arteko jokaldia Tolosako gibelekoak entsegua sartuz borobildu baitzuen. 16-0 atsedenaldia etortzerako.

Bigarren zatian, Ingalaterra esnatu egin zen. Aitzinean borrokalari zelairatu zen, eta 20 minutu luzez Frantziak sufritu zuen. Faltak egiten hasi zen, eta Ingalaterrak baloia ukan zuen. Agintearen ondorioz, Ben Foddenek —lehen zatiko bi entseguetan erruaren zati bat izan zuen— entsegua sartu zuen: 16-7.

Frantziak sufritzen jakin zuen, ordea. Bizkarra uzkurtu zuen, baina eutsi egin zion. Ingalaterraren aukerak oztopatu zituen defentsan, eta Lievremonten aldaketek mesede egin zioten. Ingelesak agintzen ari zirela, François Trinh-Duc sartu berriak drop salbatzailea lortu zuen: 19-7.

Partida erabakita zegoen, azken minutuetan Mark Cuetoren entseguak emaitza itxuratu zuen arren (19-12). Frantziak bi partida galdu zituen lehen fasean, eta halere finalerdietan egongo da. Ingalaterrak, berriz, atzo galdu zuen lehen partida.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.