FRANTZIAKO TOURRA. 'JAN' EZ, IRENTSI

Jan Ullrichek irabazi zuen erlojupekoa eta sekulako diferentziak egin; 1,36 kendu zion Armstrongi eta bigarren da sailkapen nagusian, 34 segundora; Zubeldia oso txukun aritu zen eta ez hainbeste Iban Mayo

Andoni Urbistondo.
2003ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
1997ko uztaila. Erlojupekoa Tourrean, Saint-Etienne hiri inguruan. Txirrindulari bat. Jan Ullrich. Hanka zuztar sendoko alemaniar gazte batek lasterketa hautsi du aurkako guztiei hiru minutuko aldea aterata, eta Tourra erabakita utzi du. Hurrengo eguneko Egunkaria-n, lerroburu hau irakur zitekeen: Ã’Ullrichena gehiegizkoa daÓ.

Sei urte geroago. Erlojupekoa Cap Decouverten. Gehiegizkoa ez, baina bilatzen hasi eta nahi adina adjektiborekin ederres daiteke Ullrichen jarduna: ikusgarria, dotorea, harrigarriaÉ Alemaniarrak azken urteetako erregea, agintaria, irentsi zuen atzo, jan baino, eta Tourra irauli. 1,36ko aldea kendu zion 48 kilometroan eta sailkapen nagusian bigarren postuan dago Bianchi taldekoa orain, minutu erdi pasatxora, 34 segundora.

Ullrichek jator itxura dauka. Ekialdeko Alemaniako kirol egitura zurrunean hezitakoa, umiltasuna da bere dohain agerikoenetakoa. 1996an, bere lehen Tourrean, Bjarne Riis taldeburu danimarkarraren aginduetara makurtu zen eta Parisko podiumeko bigarren eskailera igota konformatu, isil-isilik, Tourra irabazteko gaitua zegoela jakinda ere. 1997an irabazi zuen Tourra eta Miguel Indurain nafarraren marka txiki utziko zuela zirudien. Ez zen alemaniar muxugorri haren bide distiratsua etengo zuen oztoporik agertzen aurrera begira.

Baina Lance Armstrong agertu zen. Eta ez behin, hirutan baizik. Eta Ullrichek burua makurtu zuen beste behingoz. Ezintasunari ezin eutsi eta desagertu egin zen. Errepidearekin zerikusirik ez zuten kontuengatik bihurtu zen berri iturri Ullrich. Txirrindulari profesionalengan ohikoak ez diren zereginetan murgildu zeneta bukatutzat eman zen bere kirol ibilera. Zulo beltzenean hondoratuta, ordea, eta egoskor, Coast taldearekin fitxatu eta 2003ko denboraldia prestatzen hasi zen.

«Tourra? 2004. urtean, agian», bota zuen denboraldi hasieran. Suitzako Itzulian, ordea, lan txukuna egin zuen eta Tourrera, sasoiz, justu antzean iritsi zela adierazi. Aitzin-etapan beste faborito guztiei aurrea hartu zien, eta Alpeetan ere txukun aritu zen. Eusten, baina txukun. Eta atzokoa, badakizue.

Plazera da Ullrich bizikleta gainean ikustea. Haren ibilera dotorea da, Indurainen parekoa edo hobea. Mugitu ere ez da egiten pedalei eman eta eman ari dela. Makina perfektua da eta haren martxa telebistan ikustea gozagarria den heinean, pozgarria da Ullrich berriz ere goi-goian ikustea. Zerua eta infernua ezagutu dituelako. Eta infernutik ihes egiten asmatu duelako. Eta Belokik Alpeetan Armstrong beste urteetakoa ez dela erakutsi duen moduan, antzera egin duelako Ullrichek erlojupekoan. Talentua, kasta, ez dira inoiz desagertzen eta talentua duenak edozein unetan lor dezake arrakasta. Ullrich da horren erakusle finena.>

Armstrong, azken urteetan baino ahulago

Ullrichek erlojupeko bikaina egin zuen. 13. kilometroa arte eutsi zion Armstrongek, baina hortik aurrera tarteak handitu eta handitu jardun zuen etapa garaileak. 1,36 kendu zion liderrari. Armstrongek esana zuen atzokoa bere kirol bizitzako erlojupeko garrantzitsuena zela, eta hala izan zen. Estatubatuarrak ezin izan zuen azken urteetako nagusitasuna erakutsi, ezta urrik ere, eta zer pentsatu dezente izango du. Alpeetan zalantzaren atea irekita geratu bazen, Pirinioen atarian parez pare dago irekita ate hori.

Kontuak kontu, eta hala ere, maillot horiari eusten dio US Postal taldekoak. Ez dago beste urteetan bezain indartsu, baina minutu erdia jan zion Vinokourovi, 1,04 Haimar Zubeldiari eta 1,07 Hamiltoni. Denbora horiei 1,36 gehituz gero, diferentziak handiak dira oso.

Sailkapen nagusian 34 segundora du Ullrich Armstrongek eta 51ra Vinokourov. Bi txirrindulari hauek estu-estu zaindu beharko ditu Pirinioetan estatubatuarrak. Askatasun gehixeago izango du Hamilton, Zubeldia, Mayo eta Mancebo zaintzeko lanean. Lehena 2,59ra dago. Euskaltel-Euskadiko bikotea alde bertsura, 4,29ra, eta Francisco Mancebo 5,01era.

Lan txukuna egin zuten Haimar Zubeldiak eta Tyler Hamiltonek. Usurbilgoak bere Tour onena osatzeko bidean dagoela baieztatu zuen. Ez zen espero bezain ongi aritu, ordea, Iban Mayo. Ullrichek 5,03 kendu zion Igorrekoari. Errenta potoloa benetan.>

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.