Ibilbidearen azken xehetasunak jakiteko zain, Frantziako Tourrak apenas egingo duen kilometrorik Euskal Herriko errepideetatik. Bederatzigarren etapan izango da, Paue eta Laruns artean korritzen denean. Zehazki, Hourceres mendatea (1.440 metro) igoko dute txirrindulariek, Zuberoan. Igoerak 11,1 kilometro ditu, eta %8,8ko pendiza. Baina, ondoren, berriro ere Frantzian sartuko da lasterketa. Izan ere, Soudetera joango da, Marie Blanque igotzeko. Horrenbestez, azken egunetako zurrumurruak ez dira baieztatu. Lasterketa ez da Iratiko oihanetik pasatuko, eta ez da etapa hasiera edo amaiera bat izango Maulen.
Tourra ohi baino lehenago hasiko da, ekainaren 27an, Tokioko Olinpiar Jokoak direla eta. Nizatik abiatuko da, 156 kilometroko etapa batekin. Parisen amaituko da, uztailaren 19an. Erlojuaren aurkako etapa bakarra izango da, azken aurrekoa. 36 kilometro izango ditu, eta Lure eta La Planche des Belles Filles artean korrituko da. Amaiera pikoa izango du etapak, beraz: %8,5eko pendizeko aldapekin.
Etapa menditsuak izango dira nagusi. Baina ez dituzte lasterketan mitikoak diren hainbat mendate igoko: Tourmalet, Galibier, Mont Ventoux eta Alpe d'Huez, besteak beste. Txirrindulariak eta zaleak ezustean harrapatzeko gainen alde egin dute antolatzaileek: Mont Aigoual, Puy Mary, Grand Colombier eta Col de la Loze, bestea beste. Pirinioetan bi etapa baino ez dira izango, lehen astearen amaieran.