Oraingoz, aurrera jarraituko du Frantziako Tourrak. Txirrindulariek eta itzuliaren inguruan lanean dabiltzan kide guztiek atzoko atseden eguna baliatu zuten PCR probak egiteko, eta emaitzak onak izan dira: txirrindulari bati ere ez diote atzeman COVID-19a. Bai, ordea, Christian Prudhomme lasterketako zuzendariari. Sintomarik ez duela azaldu du, baina astebeteko berrogeialdia egin beharko du orain.
Guztira, 841 proba egin zituzten atzo. Lasterketa hasi denetik egin dieten hirugarren PCRa da, eta, Prudhommek ez ezik, lau taldetako teknikariek ere eman zuen positibo; lasterketa utzi dute guztiek. Cofidis, Ag2r La Mondiale, Ineos Grenadiers eta Mitchelton-Scott taldeek galdu dute lantaldeko kide bat, baina lehiaketan jarraituko dute. Beste pare bat talde, Mikel Landaren eta Pello Bilbaoren Bahrain eta Lotto, ohi baino beranduago agertu dira gaurko etaparen hasierara, kasu susmagarriren bat zutelako, baina, azkenean, arazorik gabe ekin diote 10. etapari.
Tourreko antolakuntzak argitu duenez, Prudhommek ez du harreman zuzenik izan txirrindulariekin eta haien inguruarekin, baina, badaezpada ere, azken hilabetean egin dioten laugarren PCR proba egitea erabaki zuen. Txirrindulariekin ez, baina Jean Castex Frantziako lehen ministroarekin bai, egon zen zuzendaria: hark Prudhommen autoko atzeko aldean ikusi zuen joan den larunbateko etapa. Tourrak ez du azaldu badaezpada ere berrogeialdia egingo ote duen.
Asteburuan, kritikak
Tourrean asteburuan ikusi diren irudiek ere eman dute zeresana. Pirinioetatik igaro berri da lasterketa, eta, ohikoa den moduan, aurten ere milaka izan dira Euskal Herritik eta beste lekuetatik agertutako jarraitzaileak. Sare sozialetan hainbat irudi zabaldu dira, eta hainbat zale ikus zitezkeen maskararik gabe edo hura kokotean jarrita txirrindulariak animatzen. Horrek kritikak eragin ditu, zale horiek txirrindulariak arriskuan jartzen dituztela eta. Txirrindulariren batek edo bestek ere egin du bat eskari horrekin; tartean, Israel Start-Up Nation taldeko Andre Greipel.
As participants of the @LeTour everybody involved in that event, during the actual circumstances with #Covid_19, have and had to make big sacrifices. It is simple to keep this event going- respect the rules-keep the distance to us riders and wear masks, PLEASE.
— Andre Greipel (@AndreGreipel) September 6, 2020
Zorionez, antolakuntzak argi utzi du ez dela ezustekorik izan eta aurrera jarraituko duela lehiak, talde guztiekin. Ezohiko egoera honetarako jarri duten araudiaren arabera, talde bateko bi kidek positibo ematen badute Tourra utzi beharko du talde osoak; berdin du txirrindulariak hala teknikariak diren.