Frantziar jostari hura

Urtebetez entrenatu zuen Meho Kodrok Antoine Griezmann, eta etorkizun oparoa ikusi bazion ere, ustekabean harrapatu du haren bilakaera azkarrak

Xabier Lopetegi.
Donostia
2010eko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Asko lagundu ninduen. Oso aholku onak eman zizkidan arrakasta lortzeko». Hori esan zuen Antoine Griezmannek Meho Kodrori buruz, duela gutxi egin zioten elkarrizketa batean. Ohorezko Mailako gazte taldean entrenatu zuen Kodrok Griezmann. 2008ko udan ikusi zuen aurreneko aldiz jokatzen. Entzuna zuen harrobian «frantziar txiki bat» bazela, baina askoz gehiago ez zekien hari buruz. Bi urte eta erdi pasatu dira ordutik, eta mutiko hura Lehen Mailan nabarmentzen ari da, Realaren igoeran erabakigarria izan ondoren. «Badirudi Griezmannen patua futbol jokalari izatea dela, eta lehenago edo beranduago, laguntzarik edo gabe, lortu egingo zuen», aitortu dio apal Kodrok BERRIAri.

Urtebete eduki zuen bere aginduetara, eta berehala eman zion atentzioa: «Beti izan da txikiena, oso jostaria baloiarekin. Jokoan sartzen zenean kalitate handia ikusten zitzaion». Hala ere, kosta egin zitzaion hamaikakoan tokia egitea: «Gaztetxoenetakoa zen, zaildu gabe zegoen, eta nik defentsan hobetu behar zuela uste nuen. Sekulako talentua eta teknika eduki arren, baloirik gabe hobeto moldatu behar zuen, eta, kontu bat eta bestea zela, ez zuen erregulartasunez jokatzen». Lehen bizpahiru hilabeteetan Easorekin jokatzen aritu zen. «Gero gurekin hasi zen lanean, batez ere urtarriletik aurrera. Nabarmentzen hasi zen, eta titular bukatu zuen denboraldia».

Hasieran punta erdian aritzen zen, baina denborarekin hegaletik ere erabiltzen hasi zen. «Ezkerra zen, buruz argia, eta ondo egokitzen zen egoera guztietara, bai barrutik eta bai kanpotik. Aurkariak asko ixten zirenean, bere pase laburrak eta bat-bikoak aprobetxatzeko erdian jartzen genuen. Nirekin egon zen garaian postu batean zein bestean ondo aritzen zen». Isila eta lotsati samarra bazirudien ere, taldekideekin oso harreman ona zuela dio Reala B-ko egungo entrenatzaileak. «Gaztelania oso ondo ez hitz egin arren, oso alaia eta zintzoa zen, eta asko maitatzen zuten taldekideek. Harekin hitz egiten nuenean gogo handia ikusten nion».

Entzuten jakitea zen haren dohainetako bat, Kodroren esanetan: «Aholkuak adi-adi entzuten zituen. Ez zen oso komunikatzailea, beharbada hizkuntza gabeziengatik, baina besteengandik ikasteko jarrera bazuen». Ideiak «oso garbi» zituela eta zer nahi zuen bazekiela erantsi du, baina ñabardura garrantzitsu batekin. «Futbola oso inportanta zen harentzat, oso berezia. Beste batzuk serioagoak dira. Bera, beharrezko seriotasun horren barruan, jolas eta abentura gisa ikusten zuen. Gauza politak egitea gustatzen zitzaion. Inoiz ez zitzaidan burutik pasatu alaitasun hori kentzea, bere natura zelako».

Realak 2009an irabazi zuen Aste Santuko gazteen txapelketa mugarri izan zen Griezmannentzat: «Gogoan dut titularra izan zela, eta oso partida onak egin zituela. Lehen partidan, 3-1 irabazi genion Sevillari, eta asko nabarmendu zen. Talde guztia ibili zen ondo, eta txapelketako goleatzaile nagusia edo jokalaririk onena izendatu zuten, oker ez banago». Uda horretan, Reala B-ra igotzekoa zenean, Martin Lasartek denboraldi-aurrerako igo zuen lehen taldera, Bingen Erdozia erdilariaren lesioa zela eta. Ordutik hona gertatutakoa Realeko zale guztiek dakite. Baita Kodrok berak ere: «Nik uste nuen iritsiko zela, baina ez nuen espero hain goiz orain jokatzen ari den bezala jokatzen hastea», argitu du.

Ikasten eta hobetzen

Griezmannekin «harrituta» gelditzen ari da Realeko jokalari izandakoa, azken bolada luzean: «Teknikoki inork ez du deskubritu jada. Oso pase eta jaurtiketa zehatzak ditu. Baina taktikoki ikaragarri hobetzen ari da. Ikasten ari da toki onak hartzen, erasora joateko edo defenditzeko. Azken bi urteetan, hobekuntza handia izan du defentsan, baita fisikoki ere». Gutxik aipatzen duten ezaugarri bat azpimarratu du: «Jokoa ondo ikusten du. Horri esker, egoerei aurrea hartu eta segundo bat irabazten die gainerakoei. Abantaila handia ematen dio jokaldia hain azkar ikusteak». Lasartek «ondo» eramaten duela uste du: «Ikusten du etorkizuneko izar bat duela esku artean, baina adin horretako mutil batek izan behar duena izan dezan kezkatzen da aldi berean. Behar bezala neurtzen du».

Talentuari esker, logikaren epeak txikitu ditu Griezmannek. Eskarmentua hartu ahala, «datozen urteak markatuko «dituela eta «urruti» iritsiko dela uste du Kodrok: «Hala ere, 20 urte bete baino lehen hainbeste gauza lortu dituztenekin zuhurtzia eduki behar da. Inguruak nahas dezake. Badakigu nolako munduan bizi garen, eta zertan bihurtu den futbola. Edozein gazterentzat da arrakasta arrisku. Baina uste dut burua nahiko ondo jarrita duela». Europako erraldoiek begiz jota dute frantziar txikia: «Gustatuko litzaidake garai baterako Realean gelditzea eta heltzen jarraitzea, denetarako duelako denbora. Nolako jokalaria daukagun baieztatu besterik ez dute egiten halako zurrumurruek».



Nortasun agiria

Izena. Antoine Griezmann.

Jaioterria. Macon (Frantzia).

Jaioteguna. 1991ko martxoak 21.

Garaiera. 1,74 metro.

Pisua. 72 kilo.

Postua. Erdilaria.

Dortsala. 7.

Ibilbidea. Maconnais, Montpellier, Realeko harrobia (2004-2009) eta Reala (2009tik).

Estreinakoa Realarekin. 2009ko irailak 2. Reala-Rayo Vallecano (0-2), Espainiako Kopan.

Partidak. 55.

Golak. 9.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.