Frantziako Tourrak eman dezakeenaren adibide zoragarria izan da Dauphineko bigarren etapa. Bezperako erlojupekoa irabazita, Chris Froome (Sky) abiatu da liderraren maillotarekin, eta hark eman du erakustaldi bikaina Beal maila bereziko mendatean gora. Bost laguneko ihesaldia ezerezean utzita, Mikel Nievek (Sky) egin du igoeraren zati handi bat tropel buruan. Eta 5,5 kilometro falta zirela hasi da Froomen erakustaldia, Tourra buruan serie harrigarriak eginez. Eserita lehenengo, zutik jarrita gero, Wilko Keldermanen (Belkin) atzetik ardura hartuta ere bai behar izan duenean...
Alberto Contador (Tinkoff) Skykoaren gurpilari pega-pega eginda zihoala, buruz buruko zoragarria izan dute biek, baina espainiarra ez da gai izan une bakar batean ere britainiarraren parean jartzeko. Ezta azken esprintean ere. Jokatutako bi etapak irabazita, lider sendoa da Froome. Hamabi segundora dago Contador, 21era Kelderman, eta 33ra Andrew Talansky (Garmin). Ambert eta Le Teil artean, hirugarren etapa jokatuko da gaur, 194 kilometrokoa. Bigarren mailako bi mendate igo beharko dituzte tartean, azkena helmugara iristeko 56 kilometro faltako direnean.
Sailkapenak:
Bigarren etapa:
1. Chris Froome (Sky) 4.21.41
2. Alberto Contador (Tinkoff) d.b.
3. Wilko Kelderman (Belkin) 4ra
4. Jurgen Van den Broeck (Lotto) 10era
5. Andrew Talansky (Garmin) 12ra
7. Igor Anton (Movistar) 40ra
11. Haimar Zubeldia (Trek) 45era
Nagusia
1. Chris Froome (Sky) 4.37.44
2. Alberto Contador (Tinkoff) 12ra
3. Wilko Kelderman (Belkin) 21era
4. Andrew Talansky (Garmin) 33ra
5. Jurgen Van den Broeck (Lotto) 35era
7. Haimar Zubeldia (Trek) 1.22ra