Frantziako Tourra

Froomek distira egin du Parisko argi artean

Amaitu da mendeurrenaren Tourra, eta aurreneko aldiz irabazi du lasterketa Froomek. Ikuskizun ederra prestatu zuten antolatzaileek amaieran.

2013ko uztailaren 22a
11:17
Entzun

Marcel Kittelek irabazi zuen azken etapa, esprintean. Pariserako bidean zehar hasi ziren ospakizunak txirrindularien artean, baina ikuskizun berezi bat egin zuten antolatzaileek itzuliaren ehun urteak ospatzeko.

Christopher Froomek aurreneko aldiz irabazi du Frantziako Tourra, eta Miguel Indurain, Bernard Hinault eta Eddy Merckxen eskutik jaso zuen maillot horia —itzulia bost aldiz irabazia dute horiek—. Froomek hartu zuen hitza, eta esan zuen ez zaiola "ezer" aldatuko bizitzan, eta oroitarazi du "hautsez betetako errepideetan" hasi zela bizikletan ibiltzen, Kenian.

Garaipena errepikatzeko asmoa adierazi zuen Froomek: "28 urte ditut, eta, nire ustez, txirrindulari gehienek 30 urte inguruan dute sasoirik onena. Gustatuko litzaidake hona itzuli eta ahalik eta titulu gehien lortzea".

Nairo Quintana Movistar taldeko txirrindularia eta Joaquin Rodriguez Katuxakoa izan zituen ondoan podiumean Froomek. Egundoko itzulia egin du Quintanak, bigarren postua, mendiko maillota eta txirrindulari gazte onenaren saria eskuratuta.

Bestalde, Mikel Nieve Euskalteleko txirrindularia izan da euskal txirrindularien artean onena, 12. postuan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.