Bakoitzak komeni zaion begiekin begiratzen die emaitzei, eta Gescrap Bizkaiako jokalariak Nancyren aurka lortutako garaipenak buruko indar handia emango dielakoan daude. Garaipen garrantzitsua izan zelako, eta euren ahotan, partida ona eginda. Garaipenarena ezin da auzitan jarri, hala izan zelako, baina jokoaren inguruko iritzia bai. Fuenlabradaren aurka Nancyren aurkako jokoa errepikatzen badu muturrekoa hartuko dutelako bizkaitarrek. Ia 20 baloi eman ditu Katsikarisen taldeak azken jardunaldietan, eta Fuenlabrada da, hain zuzen ere, opari horiei ligan etekin handiena ateratzen dion taldea.
Baloiaren jabetza duen jokalariari presio handia egiten dio Porfi Fisacen taldeak, eta sarri, berreskuratutako baloiak hamar eta dozena artekoak izaten dira. Oso datu ona da hori, eta bistan da, Bizkaiak alor horretan dituen zailtasunak ikusita, alor hori zigortzen saiatuko direla. Erasoko errebotea da Madrilgoen beste dohain ona. Intentsitate handiarekin bilatzen dute Gustavo Ayon eta Leo Mainoldirekin, eta oso bikote arriskutsua da.
Ayon mexikarra da, hain zuzen ere, ligako jokalari baloratuena. 43 puntuko balorazioa lortu zuen azken jardunaldian, Cajasolen aurka, eta parean aurkari gaiztoa zuela: Pauil Davis. 34 puntu eta 11 errebote lortu zituen, eta bikoetan portzentaje harrigarria lortu zuen: %94. Ayonek ez zituen ligako lehen bi partidak jokatu, lesioagatik, eta sasoi puntu ona lortzea kosta egin bazaio ere, lortu du eta tentuz jardun beharko dute D'Or Fischer, Hervelle eta Mavroeidisek. Fuenlabradak lortu dituen bost garaipenetan funtsezkoa izan da Ayon, partidako hemeretzi puntu eta 26ko balorazioa lortuta. Saer Sene pibota eta Kirk Penney jaurtitzailea ere jokalari arriskutsuak dira.
Garaipen baten aldea dago bi taldeen artean, eta bizkaitarrak bete-betean sar daitezke Kopan sartzeko borrokan. Galduz gero, aldiz, nabarmen zailduko zaie. Zortzi edo bederatzi garaipen behar dira, eta laurekin geratuko litzateke, lehen itzulia bukatzeko zazpi partida falta direla.
Fuenlabradan bai?
Gescrapek talde indartsu bat izango du parez pare, Kopa jokoan dutela; garaipen baten aldea dute bi taldeek (19:30)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu