Salzburgoren kontrakoa seigarren neurketa izango da Athleticentzat azken hemezortzi egunean. Beste era batean esanda: hiru egunetik behin ari da jokatzen. Horrenbeste partida jokatzeak asko eskatzen du. Talde guztiek nabaritzen dute. Baita onenek ere. Beraz, zer esanik ez Athleticen ezaugarriak dituen talde batek. Zuri-gorriek barruan daramaten guztia eman behar dute neurketa bakoitzean lehiakorrak izateko. Hori nahikoa ez, eta taldeak egiten duen presioak asko eskatzen die jokalariei arlo fisikoan. Eta, gainera, Marcelo Bielsa ez da aldaketak egin zalea. Gustuko dituenek jokatzen dute dena. Horren guztiaren eta zorte txarraren ondorioa izan daiteke entrenatzaileak hamaikako lehiakorra osatzeko arazoak izatea. «Bolada kontua da. Baina guk intentsitate handiarekin jokatzen ditugu partidak eta horrek bere alde ona eta txarra dauzka. Lesioak dira alde txarra», adierazi zuen herenegun Gorka Iraizozek.
Kontua da Athletic justu ailegatuko dela gaurko norgehiagokara. Eta ez da indar gutxirekin ailegatzeko neurketa aproposa. Ez dago partida onik erdipurdi aritzeko, baina jakina da batzuek beste batzuek baino garrantzi handiagoa izaten dutela. Helburuak lortzeko erabakigarriak izaten dira. Amets egiten jarraitzeko giltza direla, alegia. Austrian jokatu beharreko neurketa maila horretan jar daiteke, irabaziz gero final-hamaseirenetarako txartela eskuan izango baitu Athleticek eta horrela ligaxkako azken bi neurketak lasai jokatzeko aukera izango bailuke. Eta, bide batez, taldearen pisua eramaten ari diren futbolariei atseden apur bat emateko aukera izango luke entrenatzaileak. Gaur berdintzea ere ez litzateke txarra izango. Athleticek Salzburgorekiko hiru punturen aldeari eutsiko lioke. Eta, beraz, etxean Slovani irabaztea nahikoa izango litzateke aurrera egiteko. Baina porrotak ikaragarri zailduko lituzke kontuak. «Guretzat oso neurketa garrantzitsua da. Irabaziz gero, sailkatzeko urrats handia egingo genuke. Baina, era berean, aurkariakere badu aukera irabazi eta lehiaketan jarraitzeko borrokan sartzeko», esan zuen Athleticeko atezainak.
Salzburgok erakutsi du zer egiteko gai den. Ligan ez dabil fin. Eta liga apal batean ondo ez aritzeak erraza izango zela pentsarazi zien Athleticen ingurukoei. Eta jakinekoa da zer gertatzen den aurkaria gutxiesten denean: inork espero ez duena gertatzen dela. Athleticek puntu batekin konformatu behar izan zuen San Mamesen. Puntu bat eta eskerrak. Epaile txar batek adierazitako penalti biri esker. Beraz, gaurkoan zuri-gorriek badakite zer izango duten aurrean: talde langile eta azkar bat zelai erditik aurrera, kontraerasoa baliatzen ahaleginduko dena. Wallner aurrelari bizia ondo zaintzea ezinbestekoa izango da. Bestalde, Maierhofer San Mameseko neurketan denbora galtzeko zelairatu zuten aurrelari erraldoiak jokatzen baldin badu, kontuan hartzeko futbolaria izango da.
Arazoak hamaikakoa osatzeko
Asteon sekulako interesa egon da Bielsaren deialdiaren berri izateko. Zeresana emango duen aukeraketa egin du. Ez du UEFAk antolatutako lehiaketetan parte hartzeko talde zuri-gorriak aukeratutako harrobiko jokalaririk deitu —Ibai Gomez eta Iñigo Ruiz de Galarreta ohikoak dira jada deialdietan—. Beraz, bistan da Bielsak ez daukala beheko mailetara begiratzeko aparteko interesik. Bestalde, ikusi egin behar zein bi jokalari geratzen diren harmailan. Izan ere, futbolari asko daude ustez jokatzeko aukerarik ez dutenak: Amorebieta, Javi Martinez, David Lopez, Gabilondo, Llorente, De Marcos.... Guztiek izan dituzte arazo fisikoak azken egunetan. Hala ere, Bielsak atzo esan zuen Gabilondo eta David Lopez prest daudela.
Funtsezkoa da ez galtzea
Athleticek bide onari eutsi nahi dio gaur Salzburgon, gutxienez berdindu eta sailkapena bideratuta uztekoAurkariak ez ezik, egutegiak eragindako nekeak ere kezkatzen ditu zuri-gorriak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu