Iraupena. 53 minutu.
Pilotakadak. 210.
Sakez. Olaizola I.ak lau, eta Idoatek sei.
Markagailua. 4-0, 4-9, 5-9, 5-14, 8-14, 8-16, 15-16, 15-18, 16-18, 16-20, 18-20 eta 18-22.
Bestelakoak. Jende ugari bildu zen Iruñeko Labrit pilotalekuan. Partida hasieran dirua Idoateren alde atera zen, nahiko garbi. Aimar Olaizola aritu zen botilero lanetan anaia Asierrekin, eta Ignacio Martiarena Idoaterekin.
Gazteei lekua utziz joatea da bizilegea. Baita pilotan ere. Eta halaxe izan zen atzo, Iruñeko Labrit pilotalekuan. Asier Olaizola beteranoa, batetik, eta Mikel Idoate gaztea, bestetik, aritu ziren nor baino nor gehiago. Partida gogorra eta txukuna jokatu zuten, eta azkenean Iruñekoa nagusitu zen, 22-18. Goizuetarrak ez zuen garaipena merke saldu, Idoatek lana gogotik egin behar izan baitzuen hogeita bira heltzeko. Hain gustuko duen sufrimendua eta sendotasuna baliatuta, ordea, aurkaria baino gehiago izan zen azken txanpan, eta merezita sailkatu da buruz buruko finalerdietarako. Hala, bigarren urtez jarraian sartu da lau onenen artean, eta garbi dago banakakoaren etorkizuna bermaturik dagoela.
Iazko ezustekoa izan zen Aspeko pilotaria. Eta ez ezusteko txikia. Pronostiko guztiak hautsita, finalean sartzeko pauso bakar batera geratu zen. Aurten batek baino gehiagok egingo zuen zalantza zer-nolako maila emango ote zuen. Bada, kontuan hartuta lehenengo norgehiagoka ez dela jokatzeko erraza izaten eta aurkari jotzaile bat zeukala aurrean, nota onarekin gainditu zuen azterketa. Erakutsi zuen iazkoa ez zela kasualitatea izan, kausalitatea baizik. Dudarik gabe, Idoatek funtzionatzen jarraitzen du.
Partida hasiera ez zuen batere samurra eduki. Olaizola I.ak hartu zuen aginte makila, eta, eskuin kolpe freskoa baliatuta, 4-0 aurreratu zen. Idoatek nahia eta ezina zeukan. Hori bai, nahikoa izan zuen goizuetarraren opari bat saskitik haren pilota atera eta ohiko jokoa egiten hasteko. Ezkerrarekin pilota ongi gozatu zuen, urrun jarri zuen, eta bederatziraino joan zen zuzenean. Ezin zaio inolako meriturik kendu gaztearen lanari, baina Asegarcekoak erraztasun ugari eman zuen. Ez zirudien Aritz Lasaren aurka irabazi zuen pilotari bera.
Tantoak aurrera joan heinean, Idoatek ongi jakin izan zuen abantailari eusten, eta ez zirudien aparteko arazorik izango zuenik garaipena lortzeko. Ordea, buruz burukoa beti da arriskutsua, eta, sakea ezin hobeto baliatuta, tanto bakar batera ere hurbildu zen Olaizola I.a (15-16). Urduritasuna alde batera utzita, bikain jokatzeari ekin zion. Garai horretan hasi zen lehia gogortzen. Jokoan zegoen saria handia zen, eta inork ez zuen amore eman nahi. Bada, pilotari sendoa eta lehiakorra da Idoate, eta hobeto heldu zen azken txanpara fisikoki.
16-20 jarri zen aurretik, soilik finalerdietatik bi tantora. Momenturik erabakigarrienean, baina, huts handia egin zuen, eta Olaizola I.a hemezortziraino hurbildu zitzaion. Zortea eta kasta aterata, azkenean, Iruñeko aurrelaria nagusitu zen (18-22). Partidak denetik izan zuen, baita polemika ere. Epaileek tanto bat errepikarazi zuten, dudakoa. Baina horrek kexa gehiago sortu zuen Idoateren defentsako lanak. Ezker boleaz behin eta berriz atxiki izanaz kexatu ziren hainbat, eta arrazoi guztiz.
Atxikiaren legearen berri inor gutxik daki oraindik, eta zehaztu beharra dago. Atzokoa, behintzat, ez zen onartzekoa izan. Finalerdietan bolea beste era batera erabili beharko du. Hain zuzen ere, Irujoren eta Xalaren arteko partidako irabazlea izango du aurkari hurrengo partidan.
Bengoetxea VI.a, aurrera
Oinatz Bengoetxea ere lau onenen artean izango da. Leitzarrak 22-7 irabazi zion herenegun Sebastien Gonzalezi, Hendaian. Asegarcekoa jaun eta jabe izan zen. 13-0 aurreratu zen, eta ondoren ongi kudeatu zuen abantaila. Gonzalez, berriz, presaka aritu zen, eta ez zuen bere ohiko maila eman. Buruz burukorako itxaropen handia zuen, baina datorren urtean beharko du. Bengoetxea VI.ak Olaizola II.a edo Retegi Bi izango du aurkari hurrena.
Olaizola I.a 18. Idoate 22
Funtzionatzen jarraitzen du
Idoatek sendotasun handiagoa erakutsi du, eta merezita sartu da banakako finalerdietan, bigarren urtez jarraian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu