Istilu larriak izan dira Bilboko San Mames estadioaren inguruetan, Athletic eta Spartak Moskuren arteko futbol partidaren aurretik. Ertzain bat hil egin da istiluetan ondoezik sentitu ondoren, Segurtasun Sailak baieztatu duenez. Anbulantzian eraman dute Basurtuko ospitalera, bihotzekoak jota. Ordubetez aritu ziren hura suspertu nahian, baina ezin izan dute. Ertzaina Inocencio Alonso da, 51 urteko ermuarra (Bizkaia).
Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak azpimarratu du hildako ertzaina ez dela aurrez aurreko batean hil, ez zuela ezeren kolperik edo antzekorik jaso. Furgonetatik jaisterakoan zorabiatu zen, bere esanetan. "Operatibotik aparteko heriotza izan da". Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan esan du furgonetatik jaisten ari zenean sentitu zela gaizki ertzaina.
Erne Ertzaintzako sindikatuak, berriz, "indarkeriazko heriotza" gisara definitu du, futbolaren inguruko indarkeriarekin lotuta. Heriotzaren atzean "ardura politikoa" dagoela ohartarazi du Roberto Seijo bozeramaileak, eta arduraz jokatzeko eskatu dio fiskaltzari. "Istiluak gertatu ziren, eta haiek ekarri zuten gure lankidearen heriotza. Ez zen gertatu besaulki batean eserita zegoela, liskarren ondorioz baizik".
ESAN sindikatuak, berriz, salatu du Alonsok hamahiru ordu baino gehiago zeramatzala lanean. Beltran de Heredia kargutik kentzeko eskatu du, gainera. Segurtasun sailburuak ESANi erantzun dio ertzainen ordutegiak sindikatuekin hitzartuta daudela. Sindikatu horren arabera, "Herri Norteko erradikalen kontrako kargan ari zirela" erori zen lurrera ertzaina. Ertzainek gomazko pilotak jaurtitzeko aukera eduki beharko luketela nabarmendu du.
Bederatzi atxilotu, eta gutxienez sei zauritu
Ertzaintzak segurtasun dispositibo berezia zuen prest atzoko, Spartak Moskuko ultrek sor zitzaketen istiluak saihesteko. Baina alferrik izan da. Larriak izan dira istiluak bart, partidaren aurretik, eta gutxienez bederatzi lagun atxilotu dituzte eta sei zauritu dira, hildako ertzainaz gain. Zaurituetako errusiar batek labankada du bizkarrean.
20:00ak baino minutu batzuk lehenago, bengalak jaurti zituzten talde errusiarreko zale ultra batzuek. Handik aurrera tentsioa handitu egin zen. Liskarretan, botilak airean izan ziren Athleticeko eta Spartak Moskuko zenbait zaleren artean, eta edukiontziak gurutzatu zituzten zenbait gunetan. Segurtasun Sailaren arabera, bi taldeetako jarraitzaileek hartu zuten parte istiluetan.
[youtube]https://youtu.be/JRAkh-pX6Yc[/youtube]
Antza, Plaza Biribilean elkartzekoak ziren Moskuko taldeko jarraitzaleak. Handik futbol zelaira joan zirenean sortu ziren istiluak. Ez dago argi nola hasi ziren, baina, nolanahi ere, Josu Bujanda Ertzaintzaren Herritarren Segurtasunerako arduradunak Euskadi Irratian nabarmendu duenez, hainbat euskal herritar ere istiluetarako materialarekin joan ziren futbol zelaira: luzatzen diren borrekin, harriekin, mailuekin, suziriekin... Hala berretsi du Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak ere. "Min egiteko asmoa zuten". Gainera, futbol taldeek esan die gogoeta egin beharko luketela, indarkeria erabiltzen duen jendeak zergatik baliatzen duen futbola horretarako. Neurriak hartzea galdegin du.
Berehala zabaldu ziren zaleek grabatutako irudiak:
Ultras Spartak vs Herri Norte
— Old firm (@fhutnm) 22 de febrero de 2018
22/02/18
Athletic de Bilbao vs Spartak de Moscú pic.twitter.com/MmfyhG6DWt
Más imágenes de la batalla campal en Bilbao con ultras del Spartak de Moscú. Vía @partidazocopepic.twitter.com/jfIGEAZqE0
— Sportyou (@SportYou) 22 de febrero de 2018
Athletic Bilbao vs Spartak Moscow. pic.twitter.com/Ao4nY449yI
— Ultras Barras Bravas (@ultras_barras) 22 de febrero de 2018
Istilu horietan gutxienez bederatzi lagun atxilotu zituen Ertzaintzak, Segurtasun Sailaren arabera. Horietako lau 20-25 urte arteko gazteak dira, eta desordena publikoak egitea egozten diete; 20-27 urte artekoak dira hiru errusiarrak, eta, desordenak egiteaz gain, autoritateari eraso egitea ere egozten diete; poloniarrak, berriz, 30 urte ditu, eta errusiarren akusazio berberei egin beharko die aurre. Gaur bertan eramango dituzte epailearengana.
Twitter bidez salatu ditu gertaerak Urkulluk. Nolanahi ere, Segurtasun Sailak nabarmendu du egoera "konplexua" izan arren istiluen unea tarte motza izatea lortu zuela Ertzaintzak. Istiluen aurretik, gainera, hainbat lagun identifikatu zituztela jakinarazi du Jaurlaritzak harriak, labanak eta abar zituztelako.
Deitoratzen dut sei pertsona, bi euskaldun eta lau errusiar, zauritu direla. Baita ere futboleko partidura hurbildutako zaleek zein Bilboko herritarrek jasan behar izan duten tentsioa eta ikara. Zentzu gabeko liskar hauek erabat gaitzezten ditugu.
— Iñigo Urkullu (@iurkullu) 2018(e)ko otsailak 22
Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakariak doluminak agertu dizkio Urkulluri, ertzainaren heriotzarengatik. Doluminak agertu dizkie hildako ertzainaren sendiari eta Ertzaintzako kide guztieu ere.
@JreneEtchegaray-k bere doluminak adierazten ditu @iurkullu Lehendakariari, Bilbon ostegun gauean @ertzaintzaEJGV agente baten heriotza eragin duten istilu larrien ondotik
— CommunautéPaysBasque (@CommunautePB) 23 de febrero de 2018
Basurtuko ospitaleak eman duen parte medikoaren arabera, zaurituta dagoen errusiar batek labankada du bizkarrean. Nolanahi ere, senda agiria eman diote jada. Erietxera eramandako sei lagunetatik bostek senda agiria jaso dute, eta batek han jarraitzen du, hainbat zauri dituelako.