FUTBOLA. Agurrak, agurrean

Alkizak eta Karpinek zaleen omenaldia jasoko dute gaur, Bartzelona txapeldunaren aurka

Xabier Lopetegi.
2005eko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Osagai guztiak dauzka Realak gaur Bartzelonaren kontra jokatuko duen partida zaleentzat atsegina izateko. Motibaziorik ezak, jokoan ezer ez egoteak, kalte egin dio taldeari azken jardunaldiotan. Gaur hori ez da arazoa izango, ezin baita alderatu Albacete edo Getaferen kontra jokatzea txapeldunaren aurka jokatzearekin. Agur kutsua izango du norgehiagokak: denboraldiko azkena da, eta kirol bizitzako azkena izango da ere Bittor Alkiza eta Valery Karpinentzat, futbolean dena izan diren bi jokalarirentzat. Omenaldia egingo diete klubak eta zaleek partida atarian. Donostiarrak ezingo du jokatzen agur esan; errusiarrak bai.

Izaera oso desberdineko gizasemeak dira Alkiza eta Karpin. Lasaia, apala eta zuhurra bata; beroa, oldartsua eta bizia bestea. Jokalari gisa ere antza handirik ez dute. Baina biak bihurtu dira Realeko zaleentzat ikur, bakoitza bere erara. Arrasto oso sakona utzi dute. Alkizak lesioek derrigortuta hartu behar izan du erretiroa. Karpinek, berriz, bestelako arrazoiengatik utziko du futbola. Fisikoki, 36 urte izan arren, jarraitzeko moduan zegoen, beti izan baitu sasoi bikaina, baina buruak kontrakoa agintzen zion. 383 partida jokatu ditu Ligan, eta 36 gol sartu ditu Realaren elastikoarekin.Bide desberdinak hartuko dituzte biek hemendik aurrera. Alkizak erabat ahaztu nahi du futbola. Kirol profesionala burutik kendu, eta lasai ibili. Karpinek, hasiera batean, Vigora itzultzeko asmoa zuen. Bertan dituen negozioetan jardun nahi zuen. Patuak, baina, bestelako bidea hartzeko aukera eman dio. Miguel Santosek bere hautagaitzan parte hartzea eskaini dio, kirol zuzendari gisa; oraindik ez dio erantzunik eman errusiarrak, baina badirudi baiezkoa izango dela. Gaurko omenaldiaren inguruan galdetu ziotenean, berezkoa duen ironiarekin eman zuen arrapostu: «Ez dut uste su artifizialik egongo denik». Nortasun gogorrekoa da, baina agian hunkituta ikusiko dute gaur Anoetako jarraitzaileek, aurreneko aldiz.Litekeena da Mladenovic, Luiz Alberto eta Rossatok ere gehiago ez jokatzea Realarekin. Serbiarrak ez ditu ez teknikariak ez jarraitzaileak konbentzitu, eta klubak astelehenean jakinaraziko du ez duela fitxatuko. Bi brasildarren egoera desberdina da, kontratua daukatelako. Luiz Albertok lan ona egin du, baina ez du batere ondo hartu aulkira itzultzea. Gaur ere, hamaikakotik at geratuko da. Rossato, azkenik, zerrendatik kanpo geratu da, min hartu baitu orpazurdan. Barkerok jokatuko du atzealdeko ezker hegalean Kopan ere postu horretan aritu zen, eta Agirretxek aukera izan dezake hasieratik jokatzeko. Jokalarien esku dago gaurko eguna polita izatea, ez bakarrik partida hasi aurretik, baita bukatzean ere. Zaleekin zorretan daude.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.