FUTBOLA. ALAVES. «Aurkari zuzena»

Bartzelonaren aurka jokatuz hasiko du gaur Alavesek Dmitri Piterman presidenteak txapelketa irabazi nahi duen denboraldia

Jon Rejado.
2005eko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Lehen Mailarako itzulera modu deigarriagoan gauzatzerik ez dago. Txapeldunaren aurka, aurkari zuzen baten aurrean. Edo horrela ikusten du Pitermanek Bartzelonaren aurkako neurketa, Alavesek Liga irabazteko helburua duela jakinarazi baitu. Adierazpenak adierazpen, Gasteizko zaleek maila goreneko partidetaz gozatzeko aukera izango dute berriro. Jardunaldiek argitu beharko dituzte Pitermanen hitzek sor ditzaketen zalantzak. Denboraldi-aurrean ikusitakoak ez du argiegi utzi zein izan daitekeen taldearen aurkari zuzena. Are gehiago, ez du agerian utzi, ezta ere, zer nolako taldea zelairatu daitekeen gaur Mendizorrotzan.

Jokoari dagokionez, ardatza erasoa izango da, Lehen Mailara igo zen taldearen ezaugarrietako bat. Hori nabarmendu du presidenteak, eta hori nabari du Alavesek gaur zelaian jarriko duen hamaikakoak. Dena den, jokalarien izenak alde batera utzita, Gasteizko taldeak ez du beste ezer jakinarazi. Denboraldi-aurreko emaitzek zalantzak baino ez dituzte sortu, gehienak talde txikien aurkakoak izan baitira. Ezohiko erabakiak hartzera ohituta Alaveseko presidentea eta denboraldi-aurrearen zati bat AEBetan egitea egokia izan zitekeela pentsatu zuen. Real Madril eta Bartzelona, besteak beste, Asian egon dira azken urtetan, diruaren usainean. Alavesen kasuan, ordea, diru asko lortu duen jakitea zaila da. Maila eskaseko talde ezezagunen aurka jokatu zituen partida gehienak (Kaliforniako 23 urtez azpiko selekzioa, Chico Rooks eta Fresno Fuego), eta horretarako kilometro sorta garrantzitsua pilatu behar izan zituzten.Klubeko agintariek AEBetan egindako lana ontzat jo zuten arren, zaleek ezer gutxi jakin zuten taldeari buruz. Alaves zelai gainean ikusteko aukera izan zutenean, ordea, ez zuten baikorrak izateko aukerarik izan. Numanciaren aurka oso argi galdu zuten, eta Osasunaren aurka emandako irudia ez zen ikusgarria izan. Horiek izan dira Alavesek izan dituen aurkari esanguratsuenak denboraldi-aurrean, ondoren Peñarol eta Leonesa izan baititu aurkari.

Taldeak erasorako joera duela besterik ez dakite zaleek

Ezohiko denboraldi-aurrearen ostean gauza bat baino ez dute argi bazkideek. Erasorako joera duela haien taldeak. Hortik aurrera, denboraldiak aurrera egin ahala ikusi beharko dute. Defentsan arazoak izan ditzakeela ondorioztatu du baten batek, eta gaurko partida oso aproposa izan daiteke baieztapen hori argitzeko . Bartzelonak erasoan duen kalitatea ezaguna da, eta talde osoak defentsan laguntzen ez badu, bukaerako emaitza beldurtzeko modukoa izan daiteke.

Joan den denboralditik taldea indartu dela esan beharrik ez dago. Fitxaketa garrantzitsuak egin ditu Pitermanek hutsuneak betetzeko, eta Lehen Mailari eusteko egokiak izan daitezke. Aldaketa horiek, ordea, ia ez dute islarik izan hasierako hamaikakoan. Joan den denboraldiko ohiko hamaikakoaren jarraipena baino ez da, aldaketa gutxi batzuekin. Deigarriena, zalantzarik gabe, Oscar Tellez kapitaina hamaikakotik kanpo uztea izan daiteke. Cosek nahiago du Juanitoren mugikortasuna. Jandrok ere toki bat eskuratu du zelai erdian, Astudilloren ondoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.