Espainiako Kopatik kanpo, eta Ligan dagokion bidea topatu ezinda. Hori da Alavesen egoera. Ilunetan dabil hasiera-hasieratik Chuchi Cosek zuzentzen duen taldea. Horregatik, argirako bidea hartu nahi du, berandu baino lehen. Partida bakoitzak horretarako aukera eskaintzen du. Gaur, Sevillan, ilunetatik aldendu eta argirantz eramango duen xendaren aztarnak topatu nahi ditu lehenik Alavesek, ondoren bidea egiten joateko. Ez da, ez, plaza erraza Sanchez Pizjuangoa. Baina, garaipenak asko ere gozoagoak, estimatuagoak izaten dira plazarik zailenetan.
Etxeko taldea ez dabil fin bere zaleen aurrean. Ligan hiru partida jokatu ditu; garaipen bakarra; lehen jardunaldian, Racingen aurka (1-0). Beste bietan eta UEFAko kanporaketan berdindu egin du (Cadiz eta Espanyolen kontra). Sevillaren jarraitzaile sutsuak ez daude horretara ohituta. Azken urteetan denboraldi oso txukunak osatu ditu taldeak, Joaquin Caparrosen gidaritzapean eta Pizjuanera joatea ez zuten gogoko arerioek. Orain, baina, egoera aldatu dela dirudi. Taldeko harribitxiak ziren Reyes, Baptista edota Sergio Ramos Europako klubik boteretsuenetan ari dira orain. Gainera, ez da komeni Pizjuanera kikilduta zelairatzea. Bestela, segituan irensten zaituzte, hala zaleek nola jokalariek beraiek ere. Juande Ramosen egungo Sevilla, gainera, amorratuta dabil. Zaleei merezi dietena eskaini nahi diete; garaipena, alegia. Horregatik, Caparrosen taldeak zuen kemena apur bat baretu den arren, arriskutsua da orain Sevillan jokatzea, beren jarraitzaileak asetzeko beharra dutelako jokalariek.Arestian aipatutako harribitxiak joanda ere, fitxaketa onak egin ditu Sevillak. Erasoan batez ere. Alaveseko atzelariek gertutik zaindu beharko dituzte, Saviola bizkorra, Luis Fabiano bortitza edota Kanoute habila. Lanak izango dituzte. Hegaletan ere, adi Alves brasildar iaioaren igoerekin eta Navas zein Adrianoren erdiraketekin. Defentsako lanean, berriz, txorakeriak alboratzen dituzten horietakoak dira. Talde osoa, beraz, Sevilla.
Ligako azken partidako hamaikakoa buruan
Chuchi Cosek, baina,erasoa maite duten jokalariak zelairatuko dituela dirudi. Vila-realen aurka hasieratik jokatu zutenak aritu daitezke gaur ere bai. Hori bai, Ruben Navarro aulkian geldituko da ziurrenik. De Lucasek (osatu da) edo Aloisik hartuko lukete bere tokia. Zelai erdian lanerako jokalariak kokatuta (Carpintero, Astudillo eta Wesley), kontraerasoa bilatzea da Cosen taldearen helburua.
Edu Alonso osatuta dago eta deialdian sartu da. Ez, ordea, Jandro eta Mena. Azken honek eskuin hankako belauna bihurritu zuen joan den astezkeneko Kopa lehian. Gasteizen gelditu da, orain ere, Tellez.
FUTBOLA. Argi izpien bila
Etxean finegi ez dabilen Sevillaren aurka jokatuko du gaur Alavesek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu