FUTBOLA. asko daude

REALAK seigarren PARTIDA IRABAZ DEZAKE JARRAIAN ANOETAN, Real Madrilen aurka; bernabeuko partidako kitarakoa nahi dute txuri-urdinek

Xabier Lopetegi.
2005eko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Real Madrilekin kito egin nahi du Realak. Ahogozo ezin txarragoa utzi zion madrildarren kontra Bernabeun galdu izanak. Lehen 84 minutuetan, Lehen Mailan hasiberriak ziren jokalariz jositako hamaikakoarekin, arerioaren gabeziak aireratzea lortu zuen. Ordu arte eginiko lan bikaina, ordea, alferrik galdu zuen bigarren atalean, zorigaiztoko sei minutu horietan. Asko kostatu zitzaion Realari porrot samina gainditu eta Ligan burua altxatzea. Orduan jasotako kolpea itzuli nahi dio gaur Real Madrili, eta aukera bikaina du, irabaziz gero, Liga irabazteko aukerari agur esango liokeelako Vanderlei Luxenburgoren taldeak ia seguru.

Errebantxa hartzeko arrazoi ugari dituzte txuri-urdinek. Zaleentzako partida erakargarria da oso, eta Anoetak itxura ederra eskainiko du gaur, sarreren salmenta oso ondo baitoa. Taldeak azken bost partidak irabazi ditu etxean, eta bolada hori luzatu nahi du, ikusleen gozamenerako. Real Madrilek, gainera, asko sufritzen du Realaren zelaian: azken hiru denboraldietan galdu egin du bertan beste inon ez zaio horrelakorik gertatu. Garai bateko giro beroa dute bien arteko partidek. Begi bistakoa da realzale gehienek gogokoago dutela Bartzelona Real Madril baino, eta Espainiako taldeari Liga irabazteko itxaropen apurrak zapuztea ere pizgarri polita da eurentzat.

Zidane, Figo, Michel Salgado eta Samuel ez dira ariko

Urruti dagoen arren, UEFA ez du ahaztu nahi Realak. Partida guztiak irabazita ere, zorte handia beharko luke aukeraren bat izateko, baina matematikoki posible den bitartean ez dio ametsari uko egin nahi. Hamaikakoan ez da aldaketa handirik espero: Riesgo jokatzeko moduan da, eta atera itzuliko da. Berarentzat, gainontzeko gazte guztientzat bezala, aukera polita da nabarmentzeko: batere presiorik ez, eta aurkaria punta-puntakoa. Karpinek ere hasieratik jokatuko du; erretiroa hartzeko geratzen zaizkion bost partidetatik, politena da gaurkoa. Zalantza bakarra, euskarri postuan egongo da: Mladenovic eta Alonso dira hautagaiak. Real Madrilek, berriz, Zidane, Figo, Michel Salgado eta Samuelen hutsuneak izango ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.